argia.eus
INPRIMATU
Maguette Mbeugou hiltzeagatik, kartzelaratu egin dute haren senarra
  • Asteartean atxilotu zuten gizona, eta ostegunean pasa da epailearen aurretik. Auzitegiak gizona kartzelaratzeko agindu du.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 28a
Mbeugouren hilketa salatzeko Bilbon egindako manifestazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

Euskao Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera emandakoaren arabera, ostegunean pasa da epailearen aurretik Mbeugouren bikotekidea zena. Emakumea labankadaz hiltzea leporatuta deklarazioak egin ostean, emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko bi zenbakiko epaitegiak honen kartzelaratzea agindu du. Dagoeneko Basauriko espetxean da.

Mutrikun atxilotu zuen Ertzaintzak gizona asteartean, Mbeugou etxean aurkitu ostean, labankadaz hilik. Autopsiaren arabera, emakumeak 28 eta 36 ordu inguru zeramatzan hilik aurkitu zutenerako.

Justiziaren porrota

Bi aldiz salatu zuen Mbeugouk indarkeria matxista pairatzen ari zela. Lehenbizikoz, Bilboko Udaltzaingoan jarri zuen salaketa 2017an. Berriak jasotzen duenaren arabera, etxetik ihes egindako emakumea Udalak kasu horietarako propio atondutako etxe batean hartu zuten, bi alabekin batera. Auzia zeraman epaileak, baina, emakumearen babes eskaerak atzera bota eta gizona absolbitu zuen, “indarkeria matxistaren froga nahikorik ez zegoelako”. Gizonari ez zioten inolako kautelazko neurririk ezarri.

Denboran gertuago, Mbeugouk medikurenean jakinarazi zuen indarkeria jasaten ari zela. Artatu zuen medikuak Mbeugou zaintzeko izapideak martxan jarri zituen. “Dagoeneko dena zegoen bidean, baina ez dugu lortu babestea”, adierazi de medikuak bere Twitter kontuaren bitartez.

Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak ostegunean Bilbon aitortu zuenez, Mbeugouren kasua “justiziaren porrot erabatekoa” da.