argia.eus
INPRIMATU
Magnesita harrobiak kalte “larriak eta atzeraezinak” ekarriko dizkio Erdizeko ekosistemari
  • MAGNA enpresak Artesiagako portu ondoan zabaldu nahi duen aire libreko esplotazioak 100 hektarea baina gehiago hondatuko lituzke, Sustrai Erakuntzak dioenez. Horrez gain, kalte sozio-ekonomikoak ere handiak lirateke.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko abuztuaren 22a
Alduide mendiaren natur eremu baliotsuan dago Erdiz

Magnesitas de Navarra SA enpresak Erdiz ingururako aurreikusita duen proiektuak ekar ditzakeen kalteak aztertu ditu Sustrai Erakuntzak txosten batean. Analisia “hasierakoa” eta “oso mugatua” dela aitortu duen arren, hortik ateratako ondorioak kezkagarriak iruditu zaizkio fundazioari.

Bere esanetan, harrobia joango den tokian 100 hektarea inguru hondaturik gera litezke, horien erdia “aziendarentzako kalitate handiko larreak” eta pagadi sail zabalak ere bai. Hala, inguru hartako ekosistema “larriki” zaurituko luke harrobiak.

Sustraik salatu duenez, proiektuaren txostenak onartzen duena baino askoz handiagoa izango da kaltea, zuzenean eragiten baitie otadiei, elorriei eta gorostiei. Gainera, esplotaziora iristeko Artesiagako errepidea handitzeak ere eragingo luke –egunean 150 kamioi pasako lirateke–. Fundazioak gogorarazi du, bestalde, Alduideko inguru hura “kontserbazio bereziko eremu” izendaturik dagoela, eta bertan behera geratu zen Zilbetiko meategia ere eremu horretan zabaldu nahi zutela.

Kalte sozio-ekonomikoak ere nabarmenak izango dira, txostenean agertzen denez, batez ere lehen sektoreari eragingo lioke: “Ezinezkoa da proposatutako harrobiaren eta artzaintzaren arteko elkarbizitza”.

Hala, proiektua “goitik behera aldatzea” eskatu dute eta babesa eman diete Erdiz Bizirik plataformaren mobilizazioei.

Xorroxin Irratian txostenaz eta proiektuaren kalteen jardun ziren: