Nicolas Madurok Venezuelako presidente karguan jarraituko du. Igandean egindako hauteskundeak irabazi berri ditu eta abstentzio tasa handia izan den arren, aise irabazi ditu bozak. Parte-hartzea inoizko baxuena izan dela adierazi du hauteskunde mahaiak. Oposizioak iruzurra salatu du eta herritarren gehiengoak botorik eman ez duela nabarmenduz, hauteskundeak errepikatu daitezela eskatu dute.
Parte hartu zuten 8,6 milioi herritarretatik 5,8 milioi lagunek Maduroren aldeko botoa eman dute, %67,4 babesa jasoz. Dena dela, oposizioak abstentzio altuan jarri du fokua – %57 izan da– eta Madurok lortutako emaitzak ez direla “zilegiak” berretsi dute. Bigarren emaitzarik onenak Henri Falcon gobernadore ohiak lortu du, 1,8 milioi boz eskuratuz. Javier Bertucci ebanjelikoak, aldiz, 900.000 boto inguru jaso ditu. Venezuela “handi” geratu zaiola iritzita, errenditzeko eskatu dio Bertuccik Madurori.
Oposizioko alderdiek abstentzioaren aldeko jarrera defendatu dute kanpainan zehar. Mesa de la Unidad Democraticak eta Frenta Ampliok “iruzur honetan parte ez hartzera” deitu zituen herritarrak. Madurok baztertu egin du hauteskundeak errepikatzearen ideia eta elkarrizketarako deia egin die oposizioko kideei. “Batu gaitezen, elkartu gaitezen, eta hitz egin dezagun Venezuelari buruz”.