argia.eus
INPRIMATU
Nicolas Maduro
“Trump Venezuelaren kontrako eraso ekonomiko, politiko eta militarraren buru da”
  • AEBek Venezuelaren kontrako erasoa egin asmo dutela salatu du Nicolas Madurok asteazkenean. Asanblada Konstituziogilea ez duela onartuko esan du Etxe Zuriak eta estatu kolpea iradoki du Estatu idazkari Rex Tillersonek, gobernu bolibartarraren kontra.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 04a

“AEBetako inperialismoaren aurrean ez gara makurtuko", behin baino gehiagotan aldarrikatu du Nicolas Maduro presidenteak. Orain, zuzenean Donald Trump presidentea seinalatu du, eraso ekonomiko, politiko eta militarra burutu nahi duen koalizio baten buru.

 

 

 

AEBetako Estatu idazkari Rex Tillersonek asteazkeneko prentasurrekoan iradoki zuen estatu kolpea: “gure aukera politiko guztiak ikertzen ari gara [Venezuelan] egoera aldatu dadin; edo Madurok onartzen du ez duela etorkizunik eta bere kabuz joaten da, edo guk lortzen dugu gobernu venezuelarra bere Konstituziora itzul dadin”. Hau da, Asanblada Konstituziogilea bertan behera geratzea.

Wikileaks-ek hainbat dokumentu publikatu ditu, AEBek Venezuelako petrolioaren prezioa mantentzeko dituzten interesak erakutsiz.

 

 

 

Gobernu eskuindarrak buru dituzten herrialdeek, AEB edo Espainiako Estatua kasu, adierazi dute ez dituztela onartuko Venezuelako pasa den igandeko hauteskunde konstituziogileen zilegitasuna eta emaitzak.

Ostiralean hartuko dute kargu konstituzio berria idatziko duten 545 hautetsiek. Bere araudi propioa adostu arte1999ko konstituzioaren oinarrien gainean funtzionatzen hastea aurreikusten da. Ondorengo balioen gainean eraikiko dute: Errepublikaren oinarriak, hartutako nazioarteko itun, akordio eta konpromisoak betetzea, herritarren eskubideen izaera aurrerakoia eta berme demokratikoen izatea.