Nicolás Maduro atera da garaile igandean Venezuelan egindako hauteskundeetan. Oso boto gutxigatik irabazi dio Henrique Capriles oposizioko hautagaiari: %50,6ak eman dio aldeko botoa, Caprilesen %49,1aren ondoan. Caprilesek esan du emaitzak ez dituela onartuko boto guztiak banan-banan zenbatu arte.
Hamar egun iraun ditu kanpaina politikoak, Venezuela demokratikoan izan den kanpainarik motzena. Parte-hartzea ere aurrekoetan baino eskasagoa izan da: %78,7a.
“Garaipen justua, legala, konstituzionala eta herritarra izan dugu” esan du Madurok hauteskundeetako emaitzak jakin ostean. Garaipena Hugo Chavezi eskainitako omenaldi bezala hartu du Alderdi Sozialista Batuko hautagaiak. “Chavezek borrokak irabazten jarraitzen du” esan du.
Emaitzak horren parekoak direnez, ordea, Caprilesek botoak berriz zenbatzeko ikuskapena eskatu du. Madurok onartu du berriz zenbatu daitezen.
Hauteskunde kanpaina Chavismoaren aldeko eta kontrako ideien polarizazio bortitzak markatu du. Madurok venezuelarren botoaren legitimazioa bilatu du Chavezen oinordetzarekin jarraitzeko, eta Caprilesek presidente-ohiaren politikak kritikatu ditu behin eta berriz.
Maduroren Twiterra hackeatu dute
Hauteskundeetako emaitzak jakinarazi eta berehala, irabazle atera den Nicolas Maduroren twitter ofiziala hackeatu du Lulz Security Peru talde hacktivistak. Politikariaren kontua mezu iraingarriz bete dute. Twitterraz gain, bere webgune ofizialak ere hackeatu dituzte, gunea euren logoaz estaliz.
Venezuelako Komunikazio eta Informazio ministro Ernesto Villegasek Madurok jasotako erasoa “faxismoaren desesperazioaren isla” dela esan du.