argia.eus
INPRIMATU
Madrilgo Udalaren diru-kontuen kontrola ere bereganatu du Espainiako Gobernuak
  • Espainiako Ogasun Ministerioak Madrilgo Udalari jakinarazi dio hemendik aurrera astero gainbegiratuko dituela haren diru-kontuak, eta ez hiru hilero orain arte bezala. Gastu politika desegokia leporatzen dio Espainiako Gobernuak udalari; hiriko gobernu taldeak erantzun du superabita dutela eta beste ehunka udalek ez dutela betetzen legedi berriak ezartzen duen gastu araua.

ARGIA @argia 2017ko azaroaren 07a
Manuela Carmena Madrilgo alkatea. (Arg.: Ahora Madrid)

Bigarren aldiz –aurrena Kataluniako Gobernuarekin egin zuten–, eta udal baten kasuan lehenengoz, PPren gobernuak Aurrekontuen Egonkortasun Legea baliatu du beste erakunde baten diru-kontuen kontrola hartzeko. Madrilgo Udalak egindako hainbat gastu aipatu ditu Ministerioak interbentziorako argudiotzat, besteak beste udalari ez dagozkion eskumenen aplikazioaren ondoriozkoak.

Madrilek erantzun du gaurko gobernu taldea udalera iritsiz geroztik 2.000 milioi euro jaitsi dutela zorra, eta 2016ko ekitaldia 1.000 milioiko superabitarekin itxi zutela. Moncloak dio Madrilek behin eta berriz urratu duela Aurrekontuen Egonkortasun Legeak ezarritako Gastu Araua; udalak, berriz, erantzun dio Espainiako Estatuan 600 eta 800 udal bitarte daudela egoera horretan, eta Madrilgo Erkidegoak, besteak beste, urtero urratzen duela delako araua.

Honenbestez, Ogasun Ministerioaren erabakiari helegitea aurkeztuko diola jakinarazi du Manuela Carmenak zuzentzen duen udal gobernuak. “Gure jarduera normaltasunez ez egitea da [ministerioaren] helburua”, salatu dute udaleko iturriek.