Madrid Version Original webgunea sortu du Madrilgo Udalak. Komunikabideetan Udalari buruz argitaratzen diren informazioak zehaztu eta faltsuak direnak gezurtatuko dituzte.
Udal Gobernuak adierazi duenez, datu ofizial eta egiaztagarrietan oinarritutako webgunea izanen da, ez iritzirako edota eztabaidarako gunea. “Albiste baten jatorrian dagoen informazioa bere ibilbidean aldatua izan denean, informazio originala eskainiko du webguneak”.
Herritarren parte-hartzea ere bultzatu nahi du Carmenaren Udal taldeak proiektu horrekin. Beren dudak, argitaratutako ustezko informazio faltsuen gaineko galderak, aklarazioak nahiz iradokizunak egiteko helbide elektroniko bat jarri dute martxan.
Udaleko oposizioaren gehiengoa webgunearen aurka azaldu da. PPk salatu du “adierazpen eta prentsa askatasunaren aurkako erasoa” dela Carmenaren proiektua. PSOEk ere ez du begi onez hartu webgunearen irekiera, eta Udalari “kritikak jasotzeko” gaitasun falta egotzi dio.
FAPE Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak gogor kritikatu du Madrid Version Original webgunea. Modu honetako ekimenek “zentsura ukitua” dutela adierazi dute.