argia.eus
INPRIMATU
Madrilgo “La Ingobernable” zentro sozial okupatuaren hustea geratzea lortu dute
  • Astearte gauetik ehunka pertsona Madrilgo erdigunean dagoen La Ingobernable zentro sozial okupatua defendatzen aritu dira. Desalojo agindua datozen egunetara atzeratu dute, eta gunea defendatzen jarraitzeko deia zabaldu dute.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 28a
Gaur goizean La Ingobernable, jendez gainezka. Argazkia: @CSIngobernable

Asteazkenean, goizeko hamarretan, Madrilgo Udaleko funtzionarioak La Ingobernable eraikin okupatura hurbildu dira desalojo agindua komunikatzera, baina zentro sozialeko asanbladako bozeramaile batek adierazi duenez, ezin izan dira atera hurbildu ere egin, “zegoen jende andana” dela eta; “Madril Gobernaezin Bat” lelopean jaso dituzte funtzionarioak.

“Gaurko desalojo saiakera geratzea lortu dugula esan dezakegu”, adierazi du bozeramaileak txalo eta txistu artean. “Gobernaezin, desalojaezin”, “desalojo bat, beste okupazio bat” eta “ez gara beldur” oihuen artean jaso dituzte funtzionarioak. Gaurko pausua bide judizialaren hasiera dela adierazi dute funtzionarioek.

Irailean zentroaren egutegi normala berriz hartuko dutela adierazi dute, instituzioen mehatxuek ez dituztela beldurtuko esanaz. Haien hitzetan, hilabetean 200 ekintza antolatzen dituzte, eta bi urtetan 140.000 pertsona hurbiltzea lortu dute.

La Ingobernableren historia

Eraikina urteetan hutsik egon zen, eta pertsona batzuek 2015ean okupatu zuten. Hortik aurrera, eragile eta talde asko gehitu dira proiektura, hiriko erreferentzietako bat izatera iritsi arte. “La Ingobernablek hainbat gauza ematen dizkio hiriari. Urte hauetan hiriko mugimendu sozialen egoitza bihurtu gara, PAH, M8 edo Ecologistas en Acción eragileena adibidez. Madrilek diruaren logikatik at dauden espazioak behar ditu, baliabiderik ez duten pertsona edo eragileek leku bat izan dezaten”, adierazi du bozeramaile batek.