Espainiako Gobernuak “Memoria Demokratikoa” sustatzeko lege-proiektuaren baitan bultzatutako plana litzateke. Lege horrek erabat baliogabetzat jo nahi ditu frankismoko epaiketak eta Erorien Harana eraldatzea ekarriko luke, besteak beste.
Memoria Demokratikoaren Legeak "erabat baliogabetzat" joko ditu frankismoan egindako bermerik gabeko epaiketak, Naizek argitaratu duenez. Gainera, Espainiako Gobernuak egindako kalkuluen arabera, 25.000 bat hilotz berreskuratu ahal izango dituzte hobietatik.
Hori ez ezik, legearen aurreproiektuak Erorien Harana hilerri zibil bihurtzea aurreikusten du, kriptan dauden bi aldeetako 30.000 biktima baino gehiago omentzeko.
Erorien Harana hilerri zibil gisa berreraikitzeko, beneditarrei basilikaren zaintza kenduko zaie, baina oraingoz ez dago mahai gainean Francorentzat eraikitako hilobiaren ikonoa den gurutze handia eraistea.
Orain izapidetzen hasi den legearen beste puntu aipagarrienetako bat honakoa da: funts publikoak jasotzen dituzten fundazio edo elkarteak debekatzea, "totalitarismoa sustatzen" edo "diktadura-figurak goraipatzen" badituzte –Europako beste herrialde batzuetan ere halako baldintzak daude diru-laguntzak jasotzeko–.
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak azaldu duenez, diktadurarekin lotura duten noblezia titulu guztiak kentzea ere proposatuko du testu berriak, Francoren dukerria kasu. Halaber, kondekorazioak kenduko dizkiete erregimen frankistarekin zerikusia duten eta aipamen horiek jaso zituzten pertsonei, besteak beste, aurtengo maiatzean hil zen Antonio González Pacheco –"Billy el Niño" ezizenez ezagunagoa– polizia torturatzaileari bere garaian emandakoa.
Hobien arloari dagokionez, oraindik berreskuratzeke dauden gorpuzkiak identifikatzen lagunduko duen DNA banku bat sortuko da, baina aurretik biktimen errolda ofiziala ere egin beharko da; izan ere, erregistro historikoak dauden arren, ez dago datu guztiz fidagarririk.
Oraingoz, eta araudi berria indarrean sartu arte, 2007ko Memoria Historikoaren Legearen babesean diru-laguntzak izapidetzen jarraituko du Espainiako Gobernuak, elkarteek gorpuak hobitik ateratzeko lanetan jarrai dezaten.
Lege berriak Auzitegi Gorenean salako Fiskaltza bat ere sortuko du, errepresioaren eta diktaduraren biktima izandakoen eskubideak babesteko. Familiak bertara joan ahal izango dira desagerpenen salaketak aurkeztera, Espainiak giza eskubideei buruz sinatutako nazioarteko aginduen babesean.
Diktadurak bereziki zapaldutako kolektiboei, hala nola emakume edo homosexualei eta ijitoei arreta eskaintzea jasotzen du lege-proiektuak. Ondare hori berreskuratzea ahalbidetzen duten artxiboen babesa, gertakari historiko errepresiboen ikerketa bultzatzea eta erbesteko dokumentu-funtsak Espainiara eramatea ere Memoria Demokratikoaren lege honetan sartzen direla adierazi dute.
Aparteko aipamena izango du hezkuntza-esparruak, “Memoria Demokratikoaren” azterketa bigarren hezkuntzako eta batxilergoko curriculumean eta irakasleen prestakuntzan sartuko baita.
José Luis Rodríguez Zapateroren agintaldian onartutako Memoria Historikoaren Legeak ez bezala, aurreproiektu berriak zigor-araubide bat ere aurreikusten du, 150.000 eurorainoko isunak aurreikusten dituena kasu “oso larrietarako”, hala nola, hobi komunak suntsitzeagatik, gorpuzkiak baimenik gabe lekualdatzeagatik edo "memoria demokratiko" gisa aitortutako lekuetan kalteak eragiteagatik.
Nadia Calviñok aurreratu duenez, 2007ko Memoria Historikoaren Legea eguneratzen duen arau berri horren garapena oso luzea izango da, eta berau aplikatzeko "denbora asko" beharko denez, aurrekontuen bideragarritasuna bermatuko duten lau urteko planak aurreikusi dituzte.