argia.eus
INPRIMATU
Goldman Sachs bankuaren egoitza okupatu dute Madrilen 30 etxegabetze salatzeko
  • Goldman Sachs inbertsio bankuak Madrilen duen egoitzan itxialdia egin dute ostegunean Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako kideek bultzatuta. 150 pertsona inguruk sei ordu inguru egin zituzten barruan, Goldman Sachs eta beste inbertsio-funts batzuen jarrera salatzeko.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 11
Goldman Sachsen egoitzaren sarrera okupatu zuten aktibistek. (Arg.: Diagonal)

Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gobernuak IVIMA Madrilgo Etxebizitza Institutua zenaren 3.000 etxebizitza inguru saldu zizkien Goldman Sachsen parte den EnCasa Cibeles eta beste putre funts batzuei 2013an. Azaroa eta abendua bitartean 30 kaleratze espero dituzte. Etxebizitzak Madril, Valdemoro, Parla eta Mahadaonda hirietan daude.

IVIMAko etxebizitzen salmentekin kaltetuak izan direnak, Madrilgo Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako (PAH) kideak eta M15 mugimenduko etxebizitza asanbladakoak bildu ziren itxialdian. Hainbat aktibistek eraikineko bulegoetara iristea lortu zuten, beraiekin negoziatzeko asmoz. Martxan dauden prozedura judizialak eta etxegabetzeak geratzeko eskakizuna egin zuten.

Irakurririko manifestuan “Espainiako eta Madrilgo erkidegoko gobernuen laguntzarekin familiak etxegabetzea” leporatzen diete Goldman Sachsi. Madrilgo PPko buruak ere seinalatu zituzten, salmenta horiengatik inputatuta daudenak. Bestalde, Madrilgo Udalak –Ahora Madrid– negoziaketetan erakutsi duen “indar falta” ere gaitzetsi dute.

Mariano Rajoyren gobernuak harturiko erabakiek ekarri dute arazo hau aktibisten ustez, Socimi (Merkatu Inmobiliarioan Inbertsioz Kotizaturiko Sozietate Anonimoak) legalizatzeagatik. Funts mota horiek alokairuen merkatuan egiten dituzten inbertsioek onura fiskalak dituzte: alokairuen prezioa %50 igotzera iritsi daiteke, baina, aktibisten esanetan, irabazten duten plusbalioaren %1a ordaintzen dute zergetan.