Kataluniako gizarteko oso sektore zabaletan sekulako ilusioa da igandean bozkatzeko, baina baita ere kezkak bozketaren unean egon daitezkeen arazoez. Garrantzitsuena da ea zer egingo duten Esquadra Mossoek epaileek, esaterako, hautestontziak erretiratzea eskatzen badute.
Ramon Espalader Generalitateko barne sailburuak jakinarazi duenez, Mossoek ezinbestean bete behar dituzte epaileen aginduak eta kasu honetan ere hala egingo dute, baina bere ustez muturrera iristea litzateke eta ez du uste hala gertatuko denik. Parte hartu beharko balukete, proportzionaltasunez egingo luketela jakinarazi du.
La Vanguardiak azaltzen duenez, Espainiako Gobernuak ez du arazorik nahi, eta ez du inolako debeku agindurik emango, Generalitatea antolatzaile moduan agertzen ez bada edo Konstituzio Auzitegiaren agindua oso modu agerikoan urratzen ez bada. Egunkariaren esanetan, Rajoyren Gobernuak Konstituzio Auzitegiak galdeketa bertan behera uztea nahi zuen eta behin hori lortu ondoren ez du du jarrera erasokorrik agertuko igandean.
Vilaweb-ek agertu duenez , Konstituzio Auzitegiak ez du hautetsontziak erretiratzeko inongo agindu zehatzik eman eta hala egin behar den hala ez epaile eta fiskalen esku geratuko da. Fiskaltzak, alabaina, ez dirudi mugimendu handiegirik egingo duenik, honek jakin baitaki Madrilgo gobernuak ez duela arazo handirik nahi.
Generalitateak antolaketa lanekin jarraitzen du. Bera ari da banatzen hautetsontziak eta berak antolatu du herritar bakoitzak botoa non eman behar duen azaltzen duen webgunea , oraindik ere aktibo dagoena. Webgune hau, dena den, bakarrik informatiboa da, eta galdeketaren errolda herritarrak beren NANarekin botoa ematen doazenean finkatuko da.