argia.eus
INPRIMATU
Soziedad Alkoholika: “Zentsura inposatzen dute beraien erregimenetik”
  • Soziedad Alkoholika (SA) talde gasteiztarreko kideek Madrilgo Vistalegre jauregian egitekoa zuten kontzertua debekatu dietela jakin dute, kontzerturako astebete baino gutxiago geratzen denean.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 10

Taldeak Facebooken duen profilean argitaratutako komunikatuan jakitera eman du debekuaren berri.

SAk azken bost urteotan Madrilen jotzeko saiakera ugari egin ostean debekua jaso izana gogor salatu dute: “13 urte igaro dira akusatzen eta etenik gabe jazartzen ari direla. Bederatzi urte igaro dira dagoeneko biktimei ustez irain egiteagatik epaitu eta absolbitu gintuztenetik”. Kontzertuaren debekua jasotzen duen autoa argudio “lotsagarriz” eta “gezurrez” beteta dagoela gaineratu du SA taldeak.

Duela zortzi urte AVT terrorismoaren biktimen elkarteak SA epaitegietara eraman izana eta sare sozialetan argitaratutako iruzkinak jasotzen ditu, besteak beste, Madrilgo Gobernuak helarazitako autoak.

SAko kideek adierazi dute Madrilgo Gobernuari "adierazpen askatasunez ahoa betetzen" zaiola: “Ez zaie gustatzen zer esaten dugun ezta nola esaten dugun ere, eta hori pisuzko arrazoia da kontzertua debekatzeko. XXI. mendean gauden arren, zentsura eta adierazpen askatasunari erasoak inposatzen dituzte beraien erregimenetik”.

Kontzertuaren antolatzaileek komunikatu bidez esan dutenaren arabera, Madrilgo erkidegoko beste udalekin harremanetan jarri dira debekatutako kontzertua egiteko baldintzak eskaintzen dituen toki baten bila.