argia.eus
INPRIMATU
Madrilerantz abiatu dira igande goizean 11/13 makroepaiketako auzipetuak
  • Irten aurretik, larunbateko manifestazio jendetsuan jasotako babesa eskertu dute auzipetuek. Epaiketara soluzioen aldeko mezuarekin doazela adierazi dute, presoen alorrean zein “konponbidearekin lotutako afera ezberdinetan”. 601 espetxe urteko zigorra eskatzen diete 47 auzipetuei, eta epaiketa hiru hilabetez luzatuko da.

     

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko irailaren 15
Talde argazkia egin dute auzipetuek Lopidana zerbitzu gunean, Madrilera abiatu orduko. Argazkia: ARGIA.

Astelehen goizean hasiko da 11/13 auziko epaiketa, eta igande goizean abiatu dira auzipetuak Madrilera. Gasteiz ondoko Lopidana zerbitzu gunean egin dute prentsa agerraldia 47 auzipetuek. Ez da ausaz aukeratutako tokia. Bertan egiten dute hitzordua astez aste euskal preso politikoen senide eta lagunek, espetxeetara bidaian irteteko. Senideak eta presoak hartu dituzte gogoan, Madrilera Mirentxin gidarien furgonetetan abiatu aurretik.

Beñat Zarrabeitia auzipetuak egin ditu adierazpenak auzipetuen izenean. Lehenik eta behin, larunbatean Bilboko kaleetan jasotako elkartasun uholdea eskertu du Zarrabeitiak: “Babes pertsonal eta kolektibo oso esanguratsua izan da, asko indartzen gaituena. Oso pozik gaude”. Astelehenean hasiko den epaiketaren aurkako mezuaz gain, manifestazioak beste mezu batzuk ere helarazi dituela nabarmendu du: “Herritarrek larunbatean konponbideari bai esan zioten, espetxe politika aldatu beharra dagoela, eta etorkizunari begira jartzeko ordua dela”.

Konponbidearen alde

Madrilen mezu berbera zabalduko dutela esan du auzipetuen bozeramaileak: “Epaiketak iragan ilun batera eramaten gaitu, eta guk geuk eta jendarteak aurrera begiratu nahi dugu. Hori da bihar eramango dugun mezua: soluziorako agenda bat behar dela, presoen auzian baina baita ere konponbidearekin lotutako afera ezberdinetan”

Akordio baten aukeraz galdetuta, aukera baztertu gabe bada ere auzipetuak epaiketaren klabean daudela adierazi du Zarrabeitiak: “Ez gara espekulazioetan sartuko. Epaiketa guztiek dituzte beren tempusak eta aukera ezberdinak, baina gaur gaurkoz dakiguna da bihar epaiketa hasiko dela. Maleta egina etorri gara”.

Hiru hilabete

Makroepaiketetarako propio prestatutako San Fernando de Henareseko epaitegietan egingo da epaiketa. Aste honetan astelehen, astearte eta asteazkenean daude zitatuak auzipetuak. Ondoren, hiru astetako etena izango du epaiketak. Orotara 18 saio aurreikusi dira, hiru hilabetez luzatuko direnak.

Lopidana zerbitzu gunetik Madrilerako norabidean irten eta lau kilometrotara, azken maitasun keinua jaso dute auzipetuek. Herritar batzuek “47ak herrian, kopon! Maite zaituztegu” zioen pankarta handi bat zabaldu dute zubi batetik behera, furgonetak azpitik pasatzear zirela. Bozina joz eskertu diete keinua auzipetuek.

 

 

 

Auzipetuen furgonetetan lehena, zubitik behera zabaldu duten pankarta azpitik pasatzen. Argazkia: @5akGasteizen.