argia.eus
INPRIMATU
Madrilera egindako joan-etorriak izan dira COVID-19a hedatzearen erantzule nagusiak Espainiako Estatuan, ikerketa baten arabera
  • Ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan COVID-19ak gogorren jo zuen momentuan, kutsatutakoen %76k lotura zeukaten Madrilera edo Madrildik egindako bidaiekin.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 19a

Vilaweb hedabide kataluniarrak eman du Mattia Mazzoli, David Mateo, Alberto Hernando, Sandro Meloni eta Jose Javier Ramasco ikerlarien lanaren berri. Balear Uharteetako unibertsitatean Diziplinarteko Fisika eta Sistema Konplexuen alorreko ikerlariak dira Mazzoli, Meloni eta Ramasco eta Mateo eta Hernando berriz, Kido Dynamicseko langileak –datu kopuru handiak prozesatzen ditu Lausanan egoitza daukan enpresa horrek–.

Ikerlariek esplikatu dutenez, pandemiaren hedapenak herritarren desplazamenduekin daukan harremana aztertu dute. “Zehazki, konparatu dugu Espainiako foku nagusiak (Madril) jasotako bisitari kopurua beste probintziekin, bai Madrilen bizi eta hauek bisitatu dituztenak, bai beste probintzietatik Madril bisitatu dutenak, bi zentzuetako bidaiak baitira garrantzitsuak transmisioan”.

COVID-19ak probintzia bakoitzean daukan hilkortasun-tasa gurutzatu dute alarma-egoera ezarri baino aste bat lehenago Espainiako hiriburuaren bisitarien per capita datuekin eta korrelazio argia ikusi dute: hilkortasun pikoaren %76 esplikatzen da probintzia bakoitzetik Madrilera egindako joan-etorriekin. Ikerlariek zehaztu dutenez, bidaia horiek ez dira kausa bakarra, baina bai handiena, diferentziaz gainera.

Madril fokua bihurtu zenetik, pandemiaren hedapenak Espainiako Estatuaren barruko mugikortasunaren logikari erantzun dio ikerlarien arabera. Azaldu dutenez, lehenbiziko egunetan neurri prebentiborik hartu ez izanak saihestezin bihurtu zuen COVID-19a alde guztietara barreiatzea.

Bidaia horiek alarma-egoeraren aurretik gertatu zirenez, ordea, ikerlariek zehaztu dute ez dagoela gauzak horrela gertatu izanagatik inori errua botatzerik.