argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Madrilen ere eragin nahi dugu
  • Eskuin muturrak ez du gobernu neofrankistarik ekarri Espainiako Estatura. Euskal Herritik begiratuta ere, hori da hauteskunde hauetatik atera litekeen ondoriorik nabarmenena. Are gehiago, eskuma hori gero eta txikiagoa da Hego Euskal Herrian eta Nafarroan bakarrik lortu du ordezkaritza, baina botoetan atzera eginez. Partehartzearen hamar puntuko igoeraren klabe nagusia beldur horretan oinarritu da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2019ko apirilaren 30
Andoni Ortuzar EAJko buruzagia emaitzak ospatzen. Andoni Ortuzar EAJko buruzagia emaitzak ospatzen.

Hego Euskal Herriko emaitzetan nabarmenena EAJren, PSOEren eta EH Bilduren igoerak dira, eta batez ere lehenbiziko biena. EAJk marka hautsi du, Espainiako hauteskunde orokor batzuetan halako igoera erdietsita. Bere diputatuak Madrilen erabakigarriak direla saldu du –hainbatetan hala gertatu da, bai PSOEren  baita PPren gobernuak ahalbidetuz– eta herritarrek sinetsi egin diote, areago orain boto horiek eskuin muturrari aurre egiteko izan bazitezkeen. Baina EH Bilduren boto emaileek ere berdintsu sinetsi dute euren bozkak erabakigarriak izan daitezkeela, are gehiago PPren aurkako zentsura mozioarekin gertatu dena ikusita.

Gobernagarritasunari begira, Madrilen bere bidea egingo du Pedro Sanchezek, baina euskal lurretan argi geratu da EAJ-PSE bikotearen sendotasuna. Identitate gaiek aliantza zirikatzen ez badute –erabaki eskubidea edo gisakoekin, adibidez– luzerako erromantzea izan dezakete. Oraingoz ez dirudi EH Bilduk eta galera itzela izan duen Podemosek asko  ikaratzen dutenik jeltzale eta sozialisten jardun erosoa.

Emaitza hauek maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako txanpa ere izan daitezke. Oso bestelakoak izango dira, baina orain ondo kokatuta egoteak lagunduko du hurrengoetan ere emaitza onak izatera, eta alderantziz. Alde horretatik, Nafarroak garrantzi berezia izango du, 2015eko aldaketa berrestea baitago jokoan. Horretarako abiapuntua ez da txarra. Lehia oso estua izango da, hori seguru, baina Navarra Sumak ez du ezer gehitu, alderantziz, eta hori bera ez da datu txarra. Arriskurik handiena da UPNk eta PSNk gehiengo osoa lortzea, eta oraingo emaitzek ahalbidetuko lukete hori. Ez da hain samurra izango Espainian zartakoka dabiltzenek Nafarroan corralitoa berpiztea, baina ez da komeni espainiar batasuna-ren indarra gutxiestea.