argia.eus
INPRIMATU
Madrileko ospitale bateko lau garbitzaile zigortu ditu Euskal Herriko enpresa batek, material falta salatzeagatik
  • Garbiketa zerbitzuak eskaintzen dituen Garbialdi enpresak lau langile 45 egunez zigortu ditu lan eta soldatarik gabe, material falta salatzeagatik. Madrileko San Carlos ospitale klinikoko garbitzaileak dira lau langileak, eta 2017tik, enpresa garbiketa zerbitzuan hasi zenetik, izan dituzte gatazkak langile eta enpresaren artean.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 19a
Madrileko San Carlos ospitale klinikoko langileak greban.

Lan-baldintza txarrak ere salatu dituzte langileek. Joan den urteko apirilean greba egin zuten enpresak ez zizkietelako ordaintzen jai egunetako lanorduak, ezta turno aldaketetako plusak ere. Hala ere, momentu honetako borroka, material gehiago lortzearen aldekoa da, izan ere, duten materialarekin ez direla dena garbitzera heltzen diote: “Ez gara heltzen sail guztiak garbitzera, ez dizkigute behar beste mopa ematen, eta bakoitza behin bakarrik erabili daiteke, kutsadura saihesteko”, irakurri daiteke langileek zabaldutako komunikatuan.

Komunikatu hori abenduaren 17an zabaldu zuten, eta langileak zigortzeko arrazoietako bat izan da. Komunikatu hori zabaltzea “akats oso larria” izan dela dio enpresak, eta horregatik zigortu ditu langileak.

Aspaldiko kontuak

2017tik du Garbialdi enpresak ospitaleko garbiketaren ardura eta ordutik dabiltza langileak salatzen konbenioak betetzen ez dituela. Aipatutako protesta eta grebez gain, beste zenbait alditan mobilizatu dira langileak enpresari material edo langile gehiago eskatuz.

Enpresa honek Euskal Herrian ere izan ditu gatazkak, 2018ko irailean Gipuzkoako epaitegietako langileek greba hasi zuten lan-baldintza txarrengatik. Kasu honetan zein Madrileko ospitalearenean, kontratua berriztu zioten Garbialdi enpresari, langileen harridurarako. Zigortutako langile batek, Elena Varelak, arazoaren muina osasun publikoaren pribatizazioan jarri du.