argia.eus
INPRIMATU
Poliziek torturak ukatu eta gauza asko jada ahaztu dituztela azaldu dute
  • Poliziak izan dira azken bi egunetan Hernani eta Urnietako hamar gazteen aurkako epaiketan hitza hartu dutenak. Atzoko saioak egun osoa iraun zuen, eta gaurkoak goiza hartu du. Polizia guztiek ukatu dute inkomunikazio garaian gazteak torturatu izana, eta Garzonen protokoloak azaltzen dituen puntu guztiak bete zituztela berretsi dute, baita epailearekin harreman zuzena izan zutela ere.

2012ko irailaren 21
Donostiako kanpusean hainbat lagunek babesa eman diete auziperatuei.

Atzoko saioan, egindako jarraipenen, atxiloketa unearen, etxeetan egindako miaketen eta inkomunikazio garaiaren inguruan hitz egin zuten poliziek. Jarraipenei dagokienean azaldu zuten zentzuzko distantzia batetik egiten zituztela; 10-15 metro ingurutik edo, eta ez zuten ezer ziurtatu.

Miaketen kasuan, deigarria izan zen Jon Ezeizaren etxea 2:30ak inguruan miatzen hasi zirela eta, autoa, etxean sartu eta hiru ordura heldu omen zela. Inkomunikazio garaian kamerak piztuta izan zituztela adierazi zuten, eta atxilotuak bulegoetan egon zirela Donostiako komisaldegian egon ziren garaian: "Ez zen bat bera ere komun batean sartuta egon; bulegoetan egon ziren guztiak".

Gaur poliziek jarraitu dute deklaratzen. Ekhi Oñateren atxiloketako buru izan zen polizia aritu da lehenengo, bera omen da Diario Vasco egunkariko argazkian Oñaterekin batera agertzen dena. Argazkian atxilotuak begiak antifaz batekin ditu estalita, eta hori atxilotua gaizki ez sentitzeko egin zutela azpimarratu du poliziak.

Beste polizia batek azaldu du bera ez zela inongo atxiloturekin egon, Aker tabernaren erregistroan soilik egon zela. Asier Olanok ordea ezagutu egin du, eta atxilotu zutenean bertan zegoela eta kolpeak eman zizkiola jakinarazi dio bere abokatuari. Iruinek horren inguruan galdetu dio eta dena ukatu du poliziak. Olanok Donostiako epaitegian aurkeztu zuen salaketan torturatzailearen deskribapena egin zuen; bizarra zuela, entrada handiak zituela buruan, eta nahiko potoloa zela. Gaur azaldu den gizonaren itxura berdina omen zen. Abokatuak horren inguruan galdetzean, urduri jarri omen da.

Azkenik Tedax-eko polizien burua aritu da, lehergailuen azterketa egiten duena. Petardo batzuk eta bengalak aurkitu zituztela azaldu du. Ez zegoela lehergailurik. Edozein lekutan erosi daitezkeen petardoak zirela, legalak eta manipulatu gabeak.

Asteartean jarraituko du saioak, goizeko 10:00etan. Peritoen eta ertzainen txanda izango da. Eta asteazkenean eta ostegunean defentsaren testiguek hartuko dute hitza.