argia.eus
INPRIMATU
Madrildik beherako kartzeletan ez da euskal presorik gelditzen
  • Euskal presoen %60 Euskal Herritik 150 eta 400 kilometrora bitartean dauden kartzeletan daude. %33 baino ez daude kondena Euskal Herrian betetzen.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 05a
Dispertsio politikaren aurkako mobilizazio bat Gasteizen, 2020. Argazkia: Etxerat

EITBk emandako datuen arabera, Madrildik beherako kartzeletan ez da euskal presorik gelditzen. Espainiako Estatuan 1.393 euskal preso daude. Horietatik %7 Euskal Herritik 400 eta 600 kilometro arteko distantzian dauden presondegietan ari dira kondena betetzen eta %60 150 eta 400 kilometro artean dauden kartzeletan. Halere, presoen %33 (786 pertsona) baino ez daude Euskal Herriko presondegiren batean. Frantziako Estatuan, euskal presoen 10etik 8 daude jada 400 kilometrorainoko distantzian.

Sare plataformak adierazi du Andaluzian euskal presorik ez egotea aurrerapausoa dela, baina urruntze-politikaren amaiera “graduen progresioaren bidez” lortuko dela. Egun, sei euskal preso daude (%3) lehen graduan; 157 (%85) bigarrenean; eta 13 (%7) hirugarrenean, EITBk emandako datuak kontuan hartuta. Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileak hedabide horri adierazi dio “salbuespeneko espetxe politikatik lege arruntera” igarotzeko bidea dela lehen graduak atzean uztea.

Uztaileko gerturatzeak

Uztailaren 1ean, Espainiako Gobernuak hiru preso euskal herriratu eta lau gerturatu zituen. Andoni Murga, Jon Zubiaurre eta Liher Aretxabaleta Martutenera eta Zaballara ekarri zituzten. Bestalde, Andaluziako Puerto III espetxean zeuden Jesus Mari Etxeberria, Daniel Pastor, Iñaki Bilbao eta Oscar Barrera hurbildu egin zituzten, lehen gradutik bigarrenera igarota. 

Kartzela eskumenen transferentzia

Maiatzaren 10ean, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak kartzelen eskumenaren transferentzia sinatu zuten. EAEko hiru kartzelak —Basaurikoa, Zaballakoa eta Martutenekoa— urriaren 1etik aurrera egongo dira Jaurlaritzaren esku. Gipuzkoan Martuteneko presondegia itxi egingo duten arren, Zubietan egingo den kartzela berria kudeatuko du euskal gobernuak.