argia.eus
INPRIMATU
PSOEren buruzagitza militante guztiek bozka dezaten nahi du Madinak
  • Eduardo Madina PSOEko diputatu bilbotarrak alderdiaren kongresuan militante guztiek bozkatzea nahi du. Adierazi du kasu horretan baino ez lukeela aurkeztuko bere burua idazkari nagusi izateko. Militanteen parte hartzean oinarritutako prozesu baten aldeko aldarriak gero eta ozenago entzuten dira Espainiako alderdi sozialistan.

ARGIA @argia 2014ko maiatzaren 28a
Eduardo Madinaren adierazpenek agerian utzi dute PSOEko aparatuaren eta sektore kritikoaren arteko aldea.

Alfredo Pérez Rubalcabak kargua utzi eta PSOEko idazkari nagusi berria hautatzeko ez ohiko kongresua deitu izanak nahasmena sortu du alderdi barruan. Hauteskunde primarioetan Espainiako presidentetzarako hautagai moduan aurkezteko prest zegoen Eduardo Madina erabaki horren kontra azaldu da eta kongresuak “militanteen parte hartzea” kontuan hartzeko eskatu du. “Idazkari nagusi izateko aurkeztea baloratuko dut, soilik boto zuzena baldin badago ”, esan du bilbotarrak.

Ramon Jauregi kontra

Eurodiputatu eserlekua lortu duen Ramón Jauregik erantzun dio: ez du aukera hori inondik inora ikusten, estatutuek ez dutelako jasotzen “gure 250.000 militanteek kongresuan botoa ematea”.

Nolanahi ere, badirudi prozesu parte hartzaileago baten aldarria indartzen ari dela alderdian. El Diario.es-ek  argitaratu duenez, PSOEko talde parlamentarioak egindako barne bileran, gutxienez hamar lagunek kritikatu dute kongresua eta eskatu dute lehenik hauteskunde primario irekiak egiteko.

Ez ohiko kongresuan 1.000 delegatu inguruk baino ez dute botoa emango, federazioei atxikiak, eta federazioen artean Andaluziakoa da indartsuena. Hor izen bat gailentzen da: Susana Díaz, Andaluziako presidentea.

Lopez eta Jimenez badoaz

PSOEko idazkaritza nagusiari begira izaten ari diren mugimenduez gain, Hego Euskal Herriko sozialisten egoitzetan ere aulki-jokoan dabiltza. Patxi Lopezek iragarri du ez dela PSE-EEko idazkari nagusi izango gehiago. "Katarsia" eragiteko doala adierazi du eta irailean ezohiko kongresua egingo dute EAEko sozialistek ordezkoa hautatzeko.

Roberto Jimenezek ere antzeko iragarpena egin zuen astelehenean. PSNren idazkaritzatik badoa, baina Lopezek ez bezala, hauteskunde primario irekiak proposatu ditu Nafarroako alderdi sozialistan. Ondoren egingo litzateke PSNren ezohiko kongresua, primarioetatik aterako den hautagaiak "berme soziala" lortu ostean, "berme organikoa" ere eduki dezan Jimenezen hitzetan.