argia.eus
INPRIMATU
Maderas de Llodio enpresako 3 langile kaleratu dituztela salatzeko mobilizazioak hasi dira
  • Maderas de Llodio enpresako langile batzordeak iragarri duenez, elkarretaratzeak egingo dituzte lantegiko atarian. Astelehenean izan da lehenengoa eta hurrengo astean beste bat deitu dute. Hiru lankide kaleratu dituztela salatzea da asmoa.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2019ko urriaren 08a
Asteleheneko kontzentrazioaren irudia (Aiaraldea.eus)

Maderas de Llodio enpresako sindikatuek jakinarazi dutenez, 3 langile bota ditu zuzendaritzak. Zehazki, irailaren 27an izan ziren kaleratzeak, errendimenduaren beherakadarekin argudiatuta. Langile batzordeak ukatu egin ditu akusazioak, eta salatu du faltsuak direla. Zehazki, beharginen ordezkari batek astelehenean azaldu dio Aiaraldea hedabideari diziplina ez dutela hautsi kaleratuek.

Horregatik, mobilizazioa egin dute astelehenean eta hurrengo astelehenean ere enpresako atarian egongo dira, 13:00etatik 15:00ak arte, hain zuzen. Langile batzordeak adierazi duenez, "ezin dugu onartu gezurretan oinarritutako inongo kaleratzerik. Ez dago inongo arrazoirik enplegu suntsiketa hau justifikatzeko".

Sindikatuek azaldu dute enpresak gabeziak dituela eskarietan eta horregatik lan bolumena jaitsi dela. Horren ondorioz, langile batzordeak eta zuzendaritzak adostu zuten irailean ostiraletan lanik ez egitea, kaleratzeak ekiditeko. Orain, beharginen antolakundeek leporatu diote enpresari agindutakoa ez betetzea.

LAB, ELA, CCOO eta UGT erakundeek gehitu dute urtebete bakarrik igaro dela Garnica taldeak Maderas de Llodio erosi zuenetik eta agerikoa dela zein garrantzi gutxi ematen dien langileei.