EH Bilduko lehendakarigai Maddalen Iriarte “oso oso pozik” agertu da koalizio abertzaleak izandako emaitzekin. Bere esanetan emaitza horiek “aldaketa baten hasiera baino ez” dira.
Euskal Herria Bilduk aurreko hauteskundeetan baino 23.000 boto gehiago lortu ditu hiru lurraldeetan eta 22 eserleku, “oraingoz”, nabarmendu du Maddalen Iriarte koalizioko bozeramaile eta lehendakarigaiak. Izan ere, “ez dugu esperantza galdu oraindik emaitza hobeak lortzea gainerako botoak kontatzen direnean”, esan du Donostian. EH Bilduren 22 eserlekuak gora eta behera izan dira hauteskunde gau osoan eta azken kontaketa ofiziala ostirala arte ez da jakingo.
Iriartek eskerrak eman dizkie EH Bilduri konfiantza eman dioten herritar guztiei: “Esan dugu, behin eta berriro: gure baloreengandik gertu dagoen gero eta jende gehiago dago herrialde honetan, ezkerretik, burujabetzatik, feminismotik, zaintza erdigunean jartzetik… Klima larrialdi honi aurre egiteko gogoa duen jende horrek guztiak gugan konfiantza jarri du, eta aldaketa hasi baino ez da egin. EH Bildu gero eta zabalagoa da, gero eta jende gehiago bilduko duena izango da”.
Egungo pandemiarekin eta Covid-19aren “astinaldia” jasan dutenekin ere akordatu da Iriarte bere hitzartzean, baita pandemia horretan “gure bizitzan aurrera egiteko posible egin dutenekin” ere, hala nola osasungintzako langileak edo supermerkatuetako kutxazainak, “horiei guztiei ere eskerrik asko”.
Behin emaitzak jakinda, eskua luzatu du indar independentistaren izenean, “ezkerretik eta subirautzatik herri hau eraikitzeko, herri bat eraikitzeko”.
Donostiako Igara auzotik jarraitu du EH Bilduk hauteskunde gaua eta koalizioko ordezkari ugari izan da bertan. Arnaldo Otegik ere hitz egin du Iriarteren ondoren.
EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan “oraina zaila da, ez ohiko egoera batean egin ditugu hauteskundeak, batzuk enpeinatu egin ziren, eta ez ohiko emaitza bat izan da”. Zentzu horretan, abstentzioaren inguruko irakurketa eskatu du, baina nabarmendu du abstentzioa handia izan bada ere koalizioak boto kopurutan emaitzak hobetu egin dituela.