Egungo moda kontsumitzeak sortzen dituen arazoez mintzatu da moda eta berdintasun hezitzailea den Aduriz Hik Hasiren webgunean.
Moda-industria, irabazi gehien ematen dituen arren, langileei gutxien ordaintzen dien industria dela dio. “Ekoizpena Asian, Afrikan eta Europa ekialdean egiten dute esklabotza egoeran dauden neska gazte eta umeek”.
“Emakumeok esklabo gisa egindako arropak erosten ari gara. Emakumeon aurkako indarkeria kontsumitzen dugu”. “Publizitate sexistak”, emakumea argala, liraina, ilerik gabea, zelulitis gabea eta abar izatera eramaten duela azaldu du eta horrek elikadura-arazoekin lotutako gaixotasunen areagotzea eragiten duela.
Emakumeek zoriontasuna edertasunean bilatzen dutela adierazi du, gainera, emakumeei bideratutako produktuak erosterakoan, pink tax deritzon prezio gehiagarria ordaintzen dela.
Kutsadura gehien sortzen duen sektorea ere moda-industria da, “lehengaiak ehuntzeak eta haien tindatze kimikoek kalte handiak eragiten dituzte zeregin horietan lan egiten duten langileengan zein ingurumen osasunean”.
Azaldu duenaren arabera, jasangarritasuna helburu duten diseinatzaile eta markak sortzen hasiak dira, “horren adibide dira hemen sortu eta ekoizten dituzten produktuak”.
Josten ikastea ere garrantzitsua dela dio, “aukera ematen duelako neurrien kontua zokoratzeko, joeren inposaketari zein estereotipoei uko egiteko nahiz moda-multinazionaletan ez kontsumitzeko”.