argia.eus
INPRIMATU
Macronen hurbilekoek eta RNko buruek bilera sekretuak egin dituzte azken hilabeteetan
  • Libération egunkariak eramandako ikerketaren emaitza da: gutienez abendutik elkartu dira eskuin muturreko RNeko Jordan Bardella eta Marine Le Pen Emmanuel Macron presidentearen hurbilekoekin. Macronen kontseilari hurbila den Thierry Soleren etxean egin dituzte ezkutuko bilerak. Azken hilabeteetako Frantziako Estatuko aldaketa politikoak –nagusiki, Legebiltzarraren desegitea eta macronisten kanpainako estrategia– hobeto ulertzeko balio du Libération-en ikerketak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko uztailaren 10a
Libération-en azaleko argazki muntaketa. Argazkia: Libération eta AFP

Azalean jarri du albistea Libération egunkariak: "Ikerketa: macroniaren [Macronen ingurua] eta RNren arteko isilkako afariak". Ikerketa kazetaritzaren emaitza da, eta protagonista batzuek baieztatu dute informazioa: bai, bilera sekretuak egin dituzte azken hilabeteetan RNko eta Emmanuel Macronen hurbilekoak. Guziak elkarrekin ez, baina bi aldeetakoak elkartu dira behin baino gehiagotan: RNtik Jordan Bardella eta Marine Le Pen, eta Macronen ingurutik, Lehen ministro izandako Edouard Philippe eta Armaden ministro den Sébastien Lecornu. Iturrien arabera, gutienez abendutik izan dira macronisten eta eskuin muturraren arteko isilkako bilerak. Adibidez, Edouard Philippek eta Marine Le Penek elkarrekin afaldu zuten abenduan.

Bilera guzi horiek Macronen kontseilari ez-ofizialaren etxean egin dira: Thierry Solèrek Pariseko IX. Arrondizamenduan duen apartamenduan. Errepublikarrak eskuineko alderdian militaturikoa da Solère, diputatu ere izandakoa eta ondotik Macronen inguru hurbilera sarturikoa, presidentearen kontseilari gisa. Iruzur fiskalagatik ikerketa abiatu zuten bere kontra 2016an. Hori horrela, auzipeturik, Legebiltzarrerako hauteskundeen lehia uztea erabaki zuen 2022an. Baina, ofizialki ez bada ere, Macronen kontseilari izaten segitzen du oraindik ere.

Eskuin muturrarekin behin eta berriz trukatu izan hori asumitzen du Philippek: "Jendea ezagutzea gustatzen zait. Marine Le Penek %30 baino gehiago egin du presidentzialetan. Berarekin afaltzeak ez nau trabatzen". Eskuin muturraren arriskuari garrantzia kentzeko enegarren adierazpen bat, beraz. Libération egunkariari Gobernuak ez dio erantzun nahi ukan, baina Macronen kontseilari batek ondokoa ohartarazi dio: “Presidentearekilako funtzio informala du Solèrek. (...) Eskuinarekin sartu daiteke harremanean, baina Bardella edo Le Pen, horiek ez dira presidentearen eskaerak izan". Egia ala ez, argi dena da Macronen hurbileko kontseilaria dela eta RNkoekilako harremanak bere etxean egin dituztela Macronen hurbilekoek. Frogak eta testiguak egon arren, Solèrek, aldiz, guzia gezurtatzen segitzen du.

Tartean, disoluzioaren erabakia

Ekainaren 9an Macronek Legebiltzarra desegin izanak harridura eta kezka eragin zuen, hain zuzen ere, eskuin muturra boterera eramateko arrisku erreala zekarrelako. Ensemble-ko diputatu macronista andana harritu egin zen –tartean, Ipar Euskal Herriko Vincent Bru, berriz ez aurkezteko erabakia hartu zuena–. Libération-en inkestak gauza batzuk ulertzeko balio du, nahiz eta erantzun guziak ez ukan. Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetara deitu eta hiru egunetara egon zen Jordan Bardella Solèren etxean, eta disoluzioaren gauean Armaden ministroa zen etxe horretan. Bi aldeen arteko lotura egiten aritu da Solère. Bermerik ez bada ere, baliteke disoluzioaren erabakia bertan marraztu izana, edo behintzat, ekainaren 9a aitzin bertakoek horren berri ukan izana.

Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainan Macronen eta bere inguruaren "ni-ni" ["ez bat ez bestea"] postura ere hobeki ulertzen da: hein berean jarri dituzte RN eta Fronte Herritar Berria; ezkerreko batasuna LFI Frantzia Intsumisoari mugatuz eta hautagai arriskutsuaren irudia zabalduz eta RNren arriskua erabat gutxietsiz. Estrategia arriskutsu hori hobeki ulertzen da orain.