argia.eus
INPRIMATU
Blokeoak eta milaka herritar kalean Baionan erretretaren erreformaren aurka
  • 24.000 herritar bildu ditu goizeko manifestazio jendetsuak, antolatzaileen esanetan. Manifestariak autobidea okupatzen saiatu dira eta Poliziak gas negar eragilea jaurti du. Goizaldean Baionako autobus geltokia ere blokatu dute ekintzaileek. Erreforma pasa bada ere, haserrea entzunarazteko gogoa ez doa ttipituz. Bederatzigarren greba eguna da ostegunekoa.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko martxoaren 23a
Poliziak gas negar eragilea bota die manifestariei autobide inguruetan, Baionan. (Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin)

Konstituzioaren 49.3 artikuluaren bidez pasa arren, erretreten erreformaren aurkako mobilizazioak segitzen du. Martxoaren 23 honetan dute bederatzigarren greba eguna –beste behin sindikatu guziek deiturikoa– eta ehunka elkarretaratze eta manifestazio izanen dira erretreten erreforma eta orokorkiago Frantziako Gobernuaren jarrera salatzeko.

Milaka eta milaka manifestari Baionan

Ipar Euskal Herriari dagokionez, 10:30tan jarri dute hitzordua Baionan. Jenofa Berhokoirigoinek ari da egiten jarraipen berezia @Jenofa_B kontutik. Manifestazioa oso jendetsua izaten ari da. Antolatzaileen esanetan 24.000 herritar batu dira, giro suminduan Berhokoirigoinek adierazitakoaren arabera: "Haserrea nabari da, erreformaz harago gobernuaren jarrera autoritarioak eta mespretxuak dute kexua hauspotzen". Blokeoak, okupazioak eta barrikadak burutzen ari dira herritarrak Frantzia osoan zehar. Baionan blokeoak ere bideratu dituzte asteazken goiz honetan, besteak beste Ipar Euskal Herriko autobus zerbitzua oztopatzeko xedez. Autobidearen blokeoa aurreikusiz, prefekturak berak itxi du Baionako autobidea goizean. Halere, manifestariak bertara zuzendu dira autobidea okupatu asmoz. Poliziak gas negar eragilea jaurti die.

 

Bederatzigarren greba eguna

Erreforma horren kontrako lehen greba eguna urtarrilaren 19an izan zen, eta orduz geroztik garatuz joan da mugimendua eta haserrea. Herritarren gehiengo zabala da erretretaren adina atzeratzearen aurka –Ifop zundaketa etxearen arabera %68 dira erreformaren kontra eta %78, berriz, 49.3 artikulua erabiltzearen kontra– eta horren erakusleiho dugu sindikatu guziak baturik borrokan egotea –horrelakorik ez da gertatu azken hamabi urteetan–. Martxoaren 16an jakitera eman zuen Elisabeth Borne Lehen ministroak bozketaren bidea saihestearena eta orduz geroztik areagotu egin da haserrea. Blokeoak eta barrikadak gehitu dira manifestazioei, eta paretik errepresio bortitza dute erantzun gisa: ehunka dira erreforma inposatu dutenetik atxilotutakoak.

Gehiago lan egin beharrarekin errimatzen du Emmanuel Macronen gobernuak pasatako erreformak: 64 urtera atzeratu dute erretreta osoa jasotzeko adina eta 43 urtera kotizatu beharreko denbora.

Macronen tonuak  haserrea areagotzen duenean

Martxoaren 22an 13:00tan luzatu zuen bere mezua Macronek TF1 eta France 2 telebista kateetatik: "Bere bide demokratikoan aitzina eginen du testu horrek". Alta, badaki gehiengoa duela aurka, baina berdin dio eta berea asumitzen du: "Zundaketen eta herriaren interesaren artean, herriaren interesa aukeratzen dut; eta berdin dio fama-ezaren zama pairatu behar badut".

Parlamentuan ere, azkenean, gobernuak ez du bozkatu nahi izan testua eta 49.3 artikuluari esker zuzenean pasa du erreforma. Horrek ekarri zuen astelehenean zentsura-mozioa doi-doietarik onartu ez izana: 287 boto behar ziren gobernua botatzeko eta LIOT talde zentristaren mozioak 278 boto jaso zituen. Argi gelditu zen Legebiltzarrean ere ez duela sostengurik erreformak.

Horiek horrela, errealitatearekin bat egiten ez duen diskurtsoa zabaltzen du Macronek, eta mespretxutzat jotzen dute anitzek jarrera hori. Hain zuzen, ondokoa ere zabaldu du aste honetan Frantziako presidenteak: "Jendetzak ez du zilegitasunik, hautetsien bidez adierazten den herriari alderatuz"... Kontua da herritarrak zein hautetsiak, bi aldeetan ez duela sostengurik erreformak –horrentzat erabaki zuen gobernuak 49.3 artikuluaren erabilpena martxoaren 16an–.