argia.eus
INPRIMATU
Macronen Ensemble eta Mélenchonen ezkerreko aliantza aurrez aurrez bigarren itzulian, EH Bai kanpo baina hazten jarraitzen du
  • Macronen koalizioa izan da bozkatuena Ipar Euskal Herrian: Ensemble-Majorité Présidentielle. Bigarrena NUPES ezkerreko aliantza izan da. EH Bai hirugarren geratu da eta ez du lortu bigarren itzulira ordezkaririk igortzerik. Hala ere, nabarmen egin du gora 2017ko bozekin alderatuta. Orduan 12.778 lortu zituen eta aurten 16.385 izan dira.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 13a
Ezkerreko koalizioko buru Jean-Luc Mélenchon eta egungo presidente Emmanuel Macron.

Frantziako Legebiltzarrerako bi itzulietan lehena egin da igandean. Hautesle zerrendan inskribatuen botoen %12,5 jaso dutenek ukan dute bigarren itzulian kokatzeko aukera. Hiru bozka-barruti dira Ipar Euskal Herrian, eta bertako diputatuen izenak argitu dira:

Laugarrenen hautesbarrutian Annick Trounday (Ensemble) eta Iñaki Etxaniz (NUPES) igaro dira bigarren itzulira. Bosgarrenean, Sandra Pereira (NUPES) eta Florence Lasserre (Ensemble) eta seigarrenean, Vincent Bru (Ensemble) eta Tom Dubois-Robin (NUPES).

Lapurdiko hiriak bosgarren eta seigarren bozka-barrutietan banatuak dira, eta laugarrenak Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen ditu Biarnoko zati bat ere hartuz (Nafarroa Behereko herri bakar batzuk bosgarrenari lotuak dira ere).

Abstentzioa %50etik gorakoa izan da igande honetan estatu mailan. Ikusi beharko da bigarren itzulian zein eragin duen horrek.

Boz kopuruei begiratuz

Ipar Euskal Herriko emaitzei begiratuta, Ensemble geratu da lehen 43.188 bozekin, NUPES bigarren 33.020 bozekin, Batasun Nazionalak hirugarren 17.019 bozekin eta EH Bai laugarren 16.385ekin. Eskuin muturreko Errekonkista alderdiak, 6.442 boz erdietsi ditu Iparraldean eta Berriako Oihana Teyseyre Koskaratek nabarmendu duen bezala, 23.461 pertsonak egin dute eskuin muturreko alderdiren baten hautua Ipar Euskal Herrian.