argia.eus
INPRIMATU
Macronek ez du ezkerreko lehen ministroa ezarriko
  • Elkarrizketa-sorta hasiko du, beste behin, Macron presidenteak. "Ahalik eta gehiengorik zabalena eta egonkorrena osatzeko" egingo duela lan esan du Macronek, herrialdea ez dadin "blokatuta eta ahulduta" gera.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko abuztuaren 27a
Lehen lerroan Emmanuel Macron, presidentea; eta atzean Gabriel Attal, egungo lehen ministroa. Bere ordezkoa ipini behar du Macronek, hauteskunde legegileen ondotik.

Eskuinaren mehatxuak pisu handia du Frantzian. Marine Le Penek eta eskuin muturreko bere adiskideek esana zuten Fronte Herritar Berriaren (NFP) edonolako aginte "erabat blokatzeko prest" zeudela, eta, gutxi gorabehera, neurri eta doinu berean mintzo dira ezkerreko aliantza handi horretatik kanpoko alderdiak; guztiek diote NFPren balizko gobernuaren kontrako zentsura mozio baten alde bozkatuko luketela. Hargatik, Frantziako presidente Emmanuel Macronek argi ikusi du zer egin: negoziaketei berrekin eta egoera luzatu.

Olinpiar Jokoak amaitutakoan ekin zion Macronek lehen ministroa aukeratzeko elkarrizketa-sortari, eta erpin guztiekin batzartu ondoren, astelehen arratsean jakinarazi du bigarren itzuli bat egingo duela, adostasunik ez baitu topatu. 

Macronen oharraren ostean ere, NFPk berretsi egin du Lucie Castetsen hautagaitza. Emaitzak "errespetatu" behar direla dio ezkerreko koalizioak, eta gogoan hartu du Castetsen hautagaitza orokorki babestua izan zela –Parisko Udaleko funtzionarioa da Castets, ez alderdi bati estuki lotua; esaterako, Frantzia Intsumisoko ministroa izatea eskatu zuen Jean-Luc Mélenchonek, eta hori izan zen negoziaketen marra gorri bat–. Halaber, Fronte Herritar Berriak iragarri du ez dela Eliseora itzuliko Macron presidentearekin atzera ere batzartzera, ez badu Macronek esan berri duena baztertzen eta Castets ministro izendatzen.

Eta ez dirudi hori gertatuko denik, izan ere, Macronek eta macronismoak esan dute NFPrekin ez dutela koaliziorik osatuko. Ezkerreko aliantzak du ordezkaritzarik handiena Frantziako Asanblea Nazionalean, baina ez eserlekuen gehiengo osoa, eta beste alderdiekiko indar harreman hori ari da baliatzen Macron, NFPri ateak ixteko. Horrela, Macronen esanetan, "egonkortasun instituzionala" ari da mantentzen.

Ultraeskuina: "Kaosaren norabidean doa Macron"

Eskuin muturreko Batasun Nazionalak presio egiten segitzen du, eta ez nolanahi. "Ezkerreko gobernu ororen aurka" egingo dutela esana dute, eta bereziki Frantzia Intsumisoko ministrorik bada. "Zentsura mozioa aplikatuko genuke", egin dute mehatxu bai Jordan Bardellak eta bai Marine Le Penek. Izan ere, haien hitzetan, ezkerreko edozein gobernuk "arriskuan" ipiniko luke herrialdearen "ordena" eta ekonomia.

Macronek "kaosean bizitzea" erabaki duela ere adierazi dute Bardellak eta Le Penek, "norabide horretan" doala. Frantziako politika "paralisi" batean dagoela, eta uztailean eta abuztuan ezkutatzen saiatu diren arren, "bista-bistakoa" dela.