Frantziako Konstituzioan Korsikaren izaera berezia jasoko luke artikulu batek. Presidenteak hezkuntzan korsikera bultzatzeko asmoa iragarri du, baina ez hizkuntza ofizial bihurtzeko.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak autonomia eskaini dio Korsikari. Azpimarratu du autonomia hori Frantziako Errepublikaren barruan eraikiko litzatekeela, eta konstituzioaren artikulu batean Korsikaren izaera berezia jasoko litzatekeela, "komunitate uhartetar historiko, linguistiko eta kultural" gisa izendatuta.
Proposamena ostegunean egin du Korsikako Asanblearen aurrean, uhartea naziengandik askatu zutenetik 80 urte bete direnean.
Presidenteak sei hilabeteko epea eman die gobernuari eta korsikar hautetsiei testu konstituzional eta organiko bat egiteko. Konstituzioa aldatzeko prozesua martxan jartzeko, akordio horretan oinarrituko lirateke. Gero, Korsikan erreferenduma egingo lukete, herritarrek aldaketaren gaineko bozka emateko.
Korsikera: hezkuntzan bai, ofizial ez
Egun, Korsikako asanblean nazionalistek dituzte eserlekuen hiru laurdenak. Uztailaren 5ean autonomia egitasmo baten barruan, hainbat eskaera egin zituzten, esate baterako, korsikera frantsesarekin batera ofiziala izatea. Horren aurrean, presidenteak esan zuen frantsesa bakarrik izango zela hizkuntza ofiziala.
Korsikerari hezkuntzan leku gehiago eskaintzeko prest agertu da Macron, eta aipatu du hezkuntza publiko eta elebiduna sortu nahi duela, "Korsikan korsikera gehiago erakutsi behar litzatekeela" argudiatuta.
Macronek aitortu du uharteak bere beharretara egokitutako neurriak behar dituela, besteak beste, zenbait lege (mendiari eta itsasoari lotutakoak, kasu), edo klima aldaketari aurre egiteko erronkak.
Alderdien erreakzioak
Femu a Corsica alderdi nazionalistakoak dira Marie-Antoinette Maupertuis Korsikako Asanbleako presidentea eta Gilles Simeoni uharteko gobernuburua; haien ustez, momentua "historikoa" eta "esperantzazkoa" da. Adierazi dute Korsikak "behar duen lurralde autonomo bihurtzeko aldaketa" litzatekeela autonomia onartzea, bere izaera, frantses, europar eta mediterranearra mantenduta.
Josépha Giacometti Corsica Libera alderdi independentistako hautetsia, berriz, ez da Macronen diskurtsora azaldu. Salatu du Asanblean ez dela egon posizio ezberdinak eztabaidatzeko aukerarik.