Korsikara egin duen bisitaren lehenengo egunean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak muzin egin die abertzaleen eskaerei, eta Korsikako presoen aldeko amnistia ukatu du.
2017ko abenduko eskualde hauteskundeetan gehiengo zabalez irabazi zuten irlako bi alderdi abertzaleek, eta Macroni eskatu diote korsikeraren ofizialtasuna, autonomia handiagoa eta presoak gerturatzea, ondoren amnistia emateko.
Eskaera horiekin Ajaccioko kalera atera ziren milaka manifestari Macron irlara iritsi aurretik. Sekula irlako hiriburuan egin den manifestazio jendetsuena izan da Gilles Simoni Korsikako presidentearen esanetan. Alta, Frantziako presidenteak abertzaleek espero ez zuten diskurtso zurruna erabili du.
Macronek abertzale korsikarrei erantzun die “konplazentzia, ahanztura eta amnistiarik gabe” jarraituko duela. Komando korsikar batek 1998ko otsailaren 6an hil zuen Claude Érignac prefetaren omenaldian esan ditu hitzok. Gilles Simeonik, Jean-Guy Talamoni legebirtzarreko presidenteak eta gainontzeko agintari abertzaleek ez dituzte ondo hartu Macronen deklarazioak.
Simeonik eta Talamonik Parisi eskatu diote Korsikak “aipamen zehatza” jasotzea Konstituzioaren 74. artikuluan, zeinak eskumen berriak emango lizkiokeen irlari lurraldearen, zergen edo hizkuntzaren arloetan.
Gaur ere Korsikan egongo da Emmanuel Macron, eta Simeoni eta Talamonirekin negoziaketak egiten jarraituko du.