argia.eus
INPRIMATU
Macronek 68ko maiatza ospatzeko ametsa zeukan. Gero blindatuak bidali ditu ZADera
  • Kristin Ross historialariak ZADari buruz esandakoak jaso ditu Le Nouvel Observateur agerkariko Eric Aeschimann kazetariak, tartean esklusiba bat emanez: Macronen gobernuak iazko urrian mezu bat bidali zion 68ko maiatzaren urteurrena zela-eta. Matxinada hark edo Parisko Komunak utzitako ondarea sakon aztertu du irakasle estatubatuarrak eta uste du ZADean 10 urtez garatutako egitasmoak baduela loturarik gertakari iraultzaile horiekin.

Kristin Ross 2018ko maiatzaren 03a

“2016ko udaberrian joan nintzen ZADera, duela bi urte. Harrituta geratu nintzen hango jende-nahasketarekin –horrelako lekuetan orokorrean aurkitzen duzuna baino adineko eta emakume gehiago zegoen–, baita aktibitateen ugaritasunarekin ere.

Saint-Jean-du-Tertrera iritsi ginenean eztabaida ez zen segituan hasi, behi-talde bat ari zelako ZADaren alde batetik bestera pasatzen. Gero zaldiek ihes egin zuten eta haien bila joan ginen. Baserrira itzultzean ogia labetik ateratzeko ordua zen eta gainera harrera egin behar zitzaien Paristik iristen ziren militanteei, zeinak Enplegu legearen kontrako manifestazioetan parte hartu zuten. Azkenik eztabaida kanpoan egin genuen, labearen inguruan, lehen solairuko liburutegia oraindik eraiki gabe zegoelako.

‘Mauvaise Troupe’ kolektiboko kideek gonbidatu ninduten, hitz egiteko ‘Parisko Komunako  imaginarioa’-ri buruzko nire liburuaz, zeina frantsesez argitaratu berria zen. Nola eraiki ‘forma amankomunak’? Hori zen haiek egiten zuten galdera eta gordea zuten nire liburuaren titulu originala, Communal Luxury: ‘luxu komunala’. Komunak iraun zuen bitartean, artisten eta artisauen artean zirkulatu zuen formula zen: ziurtatu dezagun ez pastela berdin banatzen dela, onena banatzen dela baizik.

ZADen lan pila egiten da, baina ez soldata batengatik, eta horrek dena aldatzen du

Entzuleen artean, zenbaitzuk formazio literario sakona zuten eta beste batzuk autodidaktak ziren. ZADaren baitan izan ziren, noski, tentsioak. Erregularki, asanblada nagusian, diplomatutakoei leporatzen zitzaien zein erraz hitz egiten zuten, besteak zanpatzeko arriskuarekin eta guzti, nahi ez izan arren.

Beste haustura-lerro batek aurrez aurre jartzen zituen laborari historikoak eta ‘naturalistak’, azken horientzat gizakiak naturan interbenitzeari utzi behar diolako: basoko adar bat gehiago ere ez zen ukitu behar. Beste auzi bat, anekdotikoagoa, txakurrei buruzkoa zen. Zenbaitentzat, ZAD batean mundu guztia librea da, baita txakurrak ere; beste batzuen ustez, txakurrek kabalei molestatzen zieten.

Sei edo zazpi aldiz itzuli nintzen, plazer hutsez. Atsegin dut han sentitzen den harremana denborarekin. Ez dauka zerikusirik kapitalismoaren tenporalitatearekin. ZADen lan pila egiten da, baina ez soldata batengatik, eta horrek dena aldatzen du. Animaliez arduratu beharra dago, laborantzaz, haurrez. Uneoro daude okupatuta eraikitzen, hazten, beraien bizitokiak konpontzen.

Eraikin kolektiboak ere altxa dituzte, baita instalazio ludikoak ere, faro bat besteak beste. Faro bat zuhaizti baten erdian, poliki asko jasoa eta mantendua: hara luxu komunalaren adibide bat!

Oso ondo jaten da ZADen, elikagaiak falta direnean salbu

Egunak ere beterik dira aktibitate politikoz eta kulturalez. Hori da ‘Mauvaise Troupe’-k ‘konposizio’ ariketa deitzen diona: denbora hartzea elkarrekin bizitzeko, sentsibilitate guztiekin. Asanblada nagusietan ere nabaritzen da, sei orduraino luzatu baitaitezke. Urrundik ikusita, irribarre egiteko tentazioa izan dezakezu, baina momentu horiek bertan bizi dituzunean, miresmena sentitzen duzu bizitza diferente bat asmatzeko jarritako energiagatik.

Askatasun harrigarria ikusten dut ‘pobretasun’ forma bat onartzeko duten moduan. Dauzkaten beharrizanak mugatzen dituzte, lan kolektiboa lehenesten, autonomoak izaten ikasten. Trukean, bizi-aberastasuna ematen zaie; eta pentsatzen duzu, noski, komunitate prekapitalistetan, edo baita komunitate frantziskotarretan, baina dimentsio erlijiosorik gabe.

Oso ondo jaten da ZADen, elikagaiak falta direnean salbu, eta jendeak gustuko du elkarrekin sukaldean aritzea. Karabana batean egiten nuen lo. Neguan, hotz ikaragarria egiten zuen tarteka, baina beste leku batzuk berotuta zeuden. Gobernuak esan du leku arriskutsua zela. Leku guztietan bezala, egon litezke problemak jartzen dituzten pertsonak, baina badute bitartekaritza sistema bat: hilero, hamabi lagun aukeratzen dituzte bitartekari izateko.

Esperientzien, elkartasunen, trukeen akumulazio hau da, sakonean, ZADaren ondasun preziatuena. Lur bat defendatzen hasi eta, pixkanaka, elkarrekin egindakoa bihurtu da lur hori bezain garrantzitsu. Jende desberdinen arteko elkartasunak eraikitzea da gaur egun benetan behar duguna.

Macronek suntsitu nahi izan du hamar urtez funtzionatu duen utopia bat

Rolandièren nengoen [aireportua eraikitzeko] proiektua bertan behera geratu zela iragarri zutenean. Mundu guztia presatu zen erabaki historiko horren irudiak ikusteko ordenagailu bateko pantaila ñimiñoan. ZADari itzulia eman genion borrokan parte hartu zuten laborariei eskerrak emateko, festa handi bat antolatu aitzin.

Baina gero, Estatuak bilatu du zadistak zatitzea. Noski, barne desadostasunak zeuden etorkizunari buruz. Zenbaitek Estatuarekin konpromiso bat bilatzearen alde egiten zuten, beste batzuek posizio erradikala hartzen tzuten, anarkismo hutsa, ezintasunaren arriskupean. Gehiengoaren erabakiarekin aurrera egin ordez, edo bakoitza bere bidetik sakabanatu ordez, erdibideko posizioa bilatu dute, eztabaidak mingarriak izan zitezkeen eta denbora behar zen. ‘Konposizioaren’ ideia hor zen beti. Baina Estatuak ez zuen nahi esperientzia hori.

Azken astean [apirileko bigarrenean] pasa dena dramatikoa da. Zenbat kutsadura, zenbat gas, zenbat lokatz alde guztietan! Jendarmeek ez dute eraitsi bakarrik egin, kakaztu egin dute. Kabalek ere arnastu dituzte negar-gasak eta noraezean dabiltza basoan. Dena gertatzen da, nolabait, Estatuak bere aireportua ez eraiki arren, lortu nahi izan balu bezala bazterrak arpilatzea. Zeren beldur da Emmanuel Macron hainbeste biolentzia erabiltzeko? Nire erantzuna da, gaur, beste modu batera bizitzea, libreki, pixka bat sistematik kanpo, mehatxua dela neoliberalismoarentzat.

Defendatu egin behar dira ‘sistematik kanpo’ dauden espazio hauek. Ezker erradikalak maiz erabiltzen du ‘erresistentzia’ hitza. Baina erresistitzea da onartzea jada galdu dugula eta gure aurrean dugula indar ikaragarri bat, menperaezina. Ideia gisa, nahiago dut ‘defentsa’, zeina ZADaren esperientziaren muinean dagoen: defendatzen dugu dagoeneko zerbait daukagulako, eutsi egiten diogu, maite dugu. ZAD ez zen utopia bat, hamar urtez funtzionatzen zuen komunitate bat baizik. Hara zer suntsitu nahi izan duen gobernuak.

Zer proposatu zidan Eliseoak

Gobernu horrek berak iazko urrian kontaktatu ninduen, Sylvain Forten bidez –Emmanuel Macronen ‘Diskurtso eta Memoria’-rako aholkularia–. Nahi zuten ni Eliseora joatea 1968az hitz egiteko.

68ko maiatzaren berrogeita hamargarren urteurrena dela-eta, Presidenteak aurreikusten du parte hartuko duela urte osoan zehar garatuko den gogoeta nazionalean.

Hori idatzi zidan haren kolaboratzaileak. E-posta horretan, 68ko gertakariak lotuta agertzen ziren honako gaiekin: “modernizazioa”, “impasse-ak” edo baita “geratu daitezkeen utopien eskasia posibleak”.

Kontakizun klasikoa da, zeinaren arabera 68ak agortu eta lurperatu zituen azkeneko ilusio iraultzaileak eta, alternatiben faltan, mundua aldatzeari uko egin beharko geniokeen. Nire historialari lanean, kontrara, erakutsi dut 68ak ekintza-forma berriak asmatu zituela, zeinetaz gaur egun oraindik elikatzen diren Notre-Dame-des-Landesekoa bezalako mugimenduak. Ez dut sinesten impasse-aren ideian eta beraz uko egin nion Eliseoaren proposamenari.

Ondoren, ikusi nuen zuen presidenteak utzi egin ziola berrogeita hamargarren urteurrenari buruz hitz egiteari. Ondo egin duela uste dut. Maiatzeko matxinadaren ondarea aldarrikatzea eta bitartean Notre-Dame-des-Landesera blindatuak bidaltzea azken langa izango zen, 68ak beldur handiena zion horretara iristeko: zinismoa”.

Artikulu hau irakurri eta gehiagoren gogoz geratu bazara, Kristin Rossi eskaini genion 217. Larrun pentsamendu aldizkaria osorik.