Frantziako hauteskunde legegileen kanpaina ofiziala hasi orduko, lehen “inkoherentea” agertu zaio Emmanuel Macron presidenteari. Richard Ferrand izena du, Lurraldeen Kohesio ministroa da.
“Erreforma” da Emmanuel Macronen hitzaldietako hitz nagusia. Gobernu berriko justizia ministro François Bayrouk horretarako “politika birmoralizatu beharra” gogorarazi dio. Macronek agindutako “moraltasunaren aldeko lege berria” eginkizun nagusietako bat dela, idatzi genuen iragan astean.
Le Canard enchaîné aldizkariak Les Républicains-eko François Fillon lehen ministro ohia nola, halaxe salatu du Errepublikako Gobernu berriko Lurraldeen Kohesio ministro Richard Ferrand. Hau da, aldizkari satirikoak PSko diputatu ohiaren kudeaketa politikoan irregulartasunak antzeman ditu. Fillon afera, Ferrand afera da uneon, Le Monde egunkariak bost puntutan laburbidua duzu.
“Ziurgabetasuna” da Frantziako solastoki politikoetan gailendu den hitza. Hexagonoa hauteskunde giroan murgilduta dago iragan udaz geroztik eta kanpaina guztietan “incertitude” hitza errepikatu da behin eta berriz, esan genuen halaber.
Errepublika Martxan-eko buru Macroni ziurgabetasun uneak iritsi zaizkio. Richard Ferrand afera tribunaletara eramana izan da, ministroa ez da hobenduna kontrakoa frogatzen deino, baina anartean, presidentea sinesgarritasuna galtzen hasia da.
Eztabaida airean dago: hedabideek justizia egin behar ote dute? Nolanahi den ere, hedabide batzuek sistema “inmoral”-aren jarduera normalizatua baldintzatzen dute.
Galdera airean dago: “Zer eginen du Macronek?”. Richard Ferrand ministro kargutik kendu, edo hauteskunde kanpainari aurre egin bere horretan?
Aurreko astean hauxe idatzi genuen ere: Errepublika larrialdian dago eta Macronek VI. Errepublikaren bidean jar lezake Frantzia. Horrek baina, erreformez harago, Konstituzioaren erreforma beharko luke.
Macronek Frantziako Legebiltzarraren gehiengoaren sostengua beharko luke, Gobernuan lortu duen botere kontzentrazioa berresteko eta berak aldarrikatzen duen Frantzia berria martxan jartzeko.
Frantziako Legebiltzarraren gehiengoaren sostengua lortuko al du Macronek, ministro bat ustekeria kasuez izatearen akusaziopean egonda?