Emmanuel Macron da Frantziako presidente berria, hautesleen bozen %65,5 jasota. Marine Le Penek, berriz, %34,2 boz bildu ditu. Macronek 20,7 milioi herritar inguratu ditu eta Le Penek 11. Sei milioi hautesle abstenitu dira.
Le Penek hamaika milioi boz jaso arren, galtzailetzat jo du bere burua eta presidente berria onartu. Fronte Nazionala (FN) mugimenduaren aldaketa sakonak iragarri ditu, baita ekaineko boz legegileak “hirugarren itzulia” legez aurreikusi. FNk Macron presidentearen aro berriaren oposizioko lehen indarra izanen dela erran du Le Penek.
Macronen En Marche! alderdi berriak lantegi eskerga dauka gaurtik ekainaren 11ra bitarte. Macron sozio-liberalak Asanblea Nazionalean ordezkaria sendoa lortu beharko du, baldin eta iragarri dituen erreformak gauzatuko baditu.
Erreforma hauen bidez Frantziako ekonomia fiskala eta laborala harmonizatu nahi ditu, eta aldi berean sintonia lortu Europatik datozen neurri politikoekin. Horren xedetan, Alemaniako Angela Merkel kantziler kontserbadorearengana eginen du lehen lan bidaia.
Frantzia intsumisoa mugimenduak Europatik etorriko diren politika kontserbatzaile eta neoliberalei aurre eginen diotela iragarri du Jean-Luc Mélenchonek. Humanismo sozial eta ekologikoa gauzatzea xedetzat hartu du.
Itxura batez, Macron presidenteak Kohabitazioaren edo Bizikidetzaren Gobernu hipotetikoa osatu beharko du. Horretarako, Les Républicains (LR) alderdi kontserbadorea eta MoDem alderdi zentristarekin akordioetara iritsi beharko luke.
Alabaina, LRko hautagai François Fillon ez da ongi paratua irten hauteskunde hauetatik. LRren baitan gorabehera askotxo izanen dira datozen lau asteotan. Hezkuntza ministro ohi François Bayrou aldiz, ongi baino hobeto kokatuta dago Gobernua osatzeko orduan.
Louvre Museoko zabalgunean presidente berriak eskainitako lehen diskurtsoan, nazioaren zatiketaz kontzientea dela erran zuen, baita FNko zein bera presidente egin duten gainerako alderdietako boto-emaileak ere aintzat hartuko dituela. Rassemblement da bere hitz gakoa.
Ba al dago, ezkerreko, eskuineko, “aberatsak” eta “pobreak” proiektu berean biltzea? Europako politika neoliberal kapitalistak apalduko al ditu Frantziako hiru milioi langabetuen tasa?