argia.eus
INPRIMATU
Macron lehendakariari zer oihukatuko zaio karriketan udazken honetan?
  • Politikariek menpera dezatela ekonomia jendarteko herritar guzien onetan, bereziki ahulenaren fagoretan eta ez bakarrik indartsuaren abantailetan. Langile eta laborariek ukan dezatela demokrazian merezi duten errespetua eta beren lanak zuzen den saria. Karriketan hori da oihukatuko

    ondoko egunetan.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2017ko irailaren 18a
Macronen gobernua lehiatuko da beraz udazken huntan langileen alde den hortan lan legea ahultzerat, enpresek eskuak libreago ukan ditzaten langileen baztertzeko orduan. (Argazkia: La Croix)

Emmanuel Macron Errepublikako lehendakari berriak eskuin muturraren ohantzea prestatzen ahal lukeen? Nehork ez du ukatzen oraingoan Macron gazteak uxatu duela boteretik berehalakotz eskuin muturreko alderdia, eta gutarik askorentzat hori berez atsegingarria izan da. Xuxenez bost urterentzat hor dugu jarria Frantzian lehendakari berria, eta batzuei sekulako esperantza pizten diete, eta bestei sekulako arrangura.

Esperantza argia duen lagun batekin egin dugu berriki solas, eta erran dauku laket zitzaiola azkenean ikustea Macronek harrotzen zuela zinez gure jendarte sistema zaharkitu hori, bereziki hainbeste langile kategoria baitago bere abantailetan tinko finkatua, hainbeste administrazione eta bulegokrazia beti terrentan kokatua… azkenean ekonomia guzia minkorturik dagolarik, hain neke izanki enpresentzat enplegu berrien zabaltzea eta lan sortzea. Gure lagunaren ustez, lehendakari ausartak altzipurdikatuko ditu denak eta biharamun hobeak ezagutuko ditugu.

Ezetz eta ezetz ihardetsi diogu berehala. Sinetsarazi nahi daukute alferrek eta maltzurrek trabatzen dutela jendarte guziaren aitzinamendua eta ongizatea. Bestela diogu. Errepublikak erabaki ditu legeak urtez urte langile eta nagusien arteko harremanen kudeatzeko. Hots, legeak hor dira jendarte batean zuzentasunaren berme, demokrazian jende guziak batzu besten berdinak sortzen baitira, eta halaber bizitzeko dretxoa baitute.

Ekonomiaren legea bere hotzean kudeatzen uzten balitz, lan sailaren lege berezirik gabe, enpresalari askok fortuna laster lukete, berek nahi duten neurrian ordainduz eta nahi duten moldean erabiliz langilea. Hori da hain zuzen jokoan, lan legearen desegitea. Langile eta sindikatek dituzte irabaziak borrokaz borroka langilearen aldeko abantaila horik, lana duenari ez zaio nolanahika kentzen ahal, eta legedia horrek du erakusten sendoa denez demokrazia, gizonak gizona balio duenez, ala dirudun eta aberatsek sekulakoa balio dutenez eta besteak mutil ala neskato hutsak direnez.

Macronen gobernua lehiatuko da beraz udazken huntan langileen alde den hortan lan legea ahultzerat, enpresek eskuak libreago ukan ditzaten langileen baztertzeko orduan. Lantegi haundi eta enpresa askoren asmoa ez da jendartearen ongizatearen hobetzea, baizik gehienetan beren negozioa indartsuago bihurtzea. Guk diogu, herritarrak ohartuko direnean dirudunek berena nasaiki biltzen dutela, enplegu kontratuak sekulan baino hauskorragoak direla, irabaziak egundanokotan murriztuz doatzila beste herrialdekin lehiatzeko estakuruan, herriko jende xeheari eskatuko zaiola beti eta gehiago indar Estatuko zorren ordaintzeko eta ekonomia bero beroan atxikitzeko, nori fidatuko da orduan herritarra? Aurdikiko da Macron eta gainerateko, berantegi izanen da herri eraikuntza sendoak altxatzeko, eta noren besotarat eroriko ote botere guzia eskuin muturrerat ezbada, politikaren bertuteaz ilusio guziak galdurik?

Badu aspaldi frogatua dugula laborariek liberalismoaren lege hotz hori, kendu zituztenean Europako laborantza politikatik prezioen bermatzeko moldeak eta hasi zirelarik bakarkako PAC laguntzen banatzen. 1992tik ekoizpen askorentzat, geroztik behi esnea bezalako ekoizpenentzat, mundu mailako sal prezioak jasaiten ditugu, eta egunez egun gure etxaldetan hainbeste lanen truke PAC laguntzak ditugu sari, perfusio botoila eri haundiari odola zuzenean hazteko ezartzen zaion bezala, gure ekoizpenek beren baliorik ez balute bezala.

Politikariek menpera dezatela ekonomia jendarteko herritar guzien onetan, bereziki ahulenaren fagoretan eta ez bakarrik indartsuaren abantailetan. Langile eta laborariek ukan dezatela demokrazian merezi duten errespetua eta beren lanak zuzen den saria. Karriketan hori da oihukatuko ondoko egunetan.