argia.eus
INPRIMATU
Macron legea onartu du Frantziako Kontseilu Konstituzionalak
  • Ekonomiaren liberalizazioaren aldeko Macron legea onartu du Frantziako Konstituzionalak. Hasierako legearen 308 artikuluetatik 17 soilik bota dituzte atzera, horietatik gehienak forma akatsengatik. 

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 13a
Ekonomiaren liberalizazioaren aldeko Macron legea onartu du Frantziako Konstituzionalak (argazkia: telesurtv.com)

Abuztuaren 7an egin dute publiko Macron legearen onarpena Frantziako Aldizkari Ofizialean. Aldaketa ugari ekarriko ditu lege berriaren ezarpenak. Hala nola, ibilbide luzeko autobusen liberalizazioa onartu dute, enpresa pribatuei joan-etorri hauetan lineak jartzea ahalbidetuz.

Igandeetan saltokiak irekitzeko aukera da hartutako beste neurri esanguratsua. Turismo handiko eremuetan saltokiek jaiegunetan irekitzeko aukera izanen dute. Ipar Euskal Herriko hainbat eskualderi zuzenean eragingo die neurri horrek. Igandean lan egitea borondatezkoa izango dela zehazten du legeak, baina sindikatuek jada salatu dute langileen aurka egiten duela neurriak.

Legeak kritika ugari jaso ditu gizarteko esparru askotatik, eta baita gobernuko oposizioaren partetik ere. Frantziako Gobernuak adierazi du Emmanuel Macron Ekonomia ministroaren abizena daraman legea “luze gabe” indarrean jarriko duela.