argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Macron, kexuak eta demokrazia
  • Greba aitzina doa Total Energies-ek Frantzian dituen bost petrolio-findegietan. Autoari eta asfaltoari erabateko dependentzian antolaturiko egunerokoan eraginak dauzka irailaren 21ean abiaturiko grebak. Zortzi findegietatik zazpi ziren greban ostirala arte. Baina gobernuak prefetari manaturiko errekisizio-prozedurak lanera bideratu zituen ExxonMobil-ekoak –hauturik ez du errekisizionaturiko langileak, errefusatuz gero etxean du polizia, kartzelaldi eta 10.000 euroko isunarekin, gainera–. Greba beste sektoreetara hedatuko dute bihar, asteartean, eta azken aldietako jarraipen esanguratsuenetarikoa aurreikusten dute sindikatuek. Errekisizioen parean, ondokoa argitu nahi dutelako herritarrek: greba eskubidearen gainetik ez pasa.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko urriaren 17a
Petrolio-findegietako langileen greba zabalduz doa.

Giroa berotuz doa, haserrea sutzen duelako testuinguruak. Ez dezagun ahantz oinarrian dagoen zifra: Total Energies-ek 5.700 milioi dolarreko etekina jaso du aurtengo bigarren hiruhilekoan. Prezioak gora doazela –tartean Total Energies eta ExxonMobil-en gasolinarena–, hertsituz doa oinarrizko beharrei erantzuteko bidea anitzentzat.

Hori dauka oinarrian petrolio-findegietako grebalarien borrokak. Aberastasunen banaketa justuagoa dute aldarri. Are justifikagarriagoa, dakigunean Macronen aldeko parlamentariek super-profit edo super-etekindun multinazionalei zerga gehiago bideratzearen kontra bozkatu berri dutela.

Negua hotza izanen da, eta iaz baino gehiago izanen dira etxea behar bezainbeste berotu ezinean. Kalean, ordea, giroa berotuz doa, Frantzian bezala beste herri anitzetan –aberatsenak are aberatsago izate hori jasangaitza bihurtzen ari delako–. Macronek erantzunaren kolorea argitu digu.

Hasteko, grebalarien errekisizioa dauka "gatazka desblokeatzeko" tresna gisa. Horrez gain, Konstituzioko 49.3 artikulua erabiltzearena eta Legebiltzarra desegitearena ere ditu mahai gaineraturik. Erretreten erreforma izanen da negu honetako beste dosier bero bat, eta aurkakotasunaz kontziente, bi neurri horien mehatxua plazaraturik du.

Horretan gara: beharrez Legebiltzarreko eztabaidak saihestuz pasako du erreforma; eta oposizioko diputatuek zentsura mozioa aurkeztuz gero Asanblea Nazionala deseginen du. Badirudi testuinguru gatazkatsuetan demokrazia traban daukatela gure agintari demokratek. Zer pentsatua ematen du.