argia.eus
INPRIMATU
Macron: “Israelek Hamas suntsitzeko eskubidea du, baina herri zibila babestuta”
  • Frantziako Barne ministroak Palestinaren aldeko protesta oro debekatu du, ordena publikoa aztoratu daitekeelakoan. Macron presidenteak adierazi du, “Palestinako kausa eta terrorismoaren justifikazioa nahasten dituztenak akats moral, politiko eta estrategikoa egiten ari” direla.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 13a
Macron, Frantziako presidentea, urriaren 12an telebistaz eskainitako mintzaldian.

Macronek urriaren 12ko gauean telebistaz eskainitako diskurtsoan adierazi du “gertaera hau Israelentzat, Ekialde Hurbilarentzat, eta harago ere, lurrikara bat dela”. Frantziarrei batasuna eskatu die: “Ilusio eta kalkuluen bidez, ez diezaiogun barne hausturarik gehitu nazioarteko hausturei. Batasunaren ezkutuak babestuko gaitu gorrototik eta gehiegikerietatik”.

Frantziako presidenteak mintzaldian emandako datuen arabera, Hamasen erasoan hamahiru frantses hil ziren eta hamazazpi desagertuta daude, tartean haurrak. Macronek adierazi duenaren arabera, desagertutakoak Hamasen esku egon daitezke Gazan. Desagertuei buruz ondokoa esan du: “Frantzia ahal duen guztia egiten ari da Israelgo agintariekin eta gure bazkideekin batera, etxera onik ekartzeko, Frantziak ez baititu inoiz uzten haurrak". Gaineratu du Israelek Hamas suntsitzeko eskubidea duela, baina "herri zibila babestu" behar dela.

Protestak debekatuta

Frantzia osoan debekatu dituzte Palestinaren aldeko manifestazioak. Urriaren 12an, Parisko manifestazio batean, gas negar eragilea eta ur kanoiak erabili dituzte. Debekuaren aurkakoek adierazi dutenez, askatasun zibilen aurkako erasoa da debekuaren agindua.

Reuters informazio agentziak eskainitako irudietan manifestari baten adierazpenak agertzen dira, eta hala dio: “Eskubide zibilen herrialde baten bizi gara, iritzi bat izan eta adierazteko eskubidea daukagu. Ez da bidezkoa alde bati debekatzea eta beste aldeari baimena ematea. Horrek ez du Palestinako errealitatea islatzen”.

Gérald Darmanin Barne ministroak azaldu duenez, larunbataz geroztik 24 pertsona atxilotu dituzte Frantzian ekintza antisemitengatik, eta gehitu du halako ekintzak egindako atzerritar oro Frantziatik kaleratu behar dela berandu baino lehen.

Macronek esan du juduen tokiek, ikastetxeek eta sinagogek tartean, polizien babesa izan dezaten hartu duela debekuaren neurria. “Ankerkeriak” justifikatzerik ez dagoela gehitu du.

Aljazeera hedabideak azaldu duenez, Israelen aldeko ekitaldiak antolatzeagatik ez da murrizketarik iragarri.

Frantzian Europako musulman eta judu komunitate handienak daude.