argia.eus
INPRIMATU
Presidentetzarako bozak
Macron garaile Ipar Euskal Herrian, Melenchon bigarren
  • Ipar Euskal Herrian ere lehen atera da Emmanuel Macron, botoen %28,7 jasot. Haatik, Frantziako Estatuan ez bezala, Jean-Luc Melenchon kokatu da bigarren, %18,26 eginik, eta hirugarren, berriz, eskuin muturreko Marine Le Pen –botoen %15,67 jasota–.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko apirilaren 11

Ipar Euskal Herrian emaitza onak jaso ditu ezker muturreko Melenchonek, tartean, lehen kokatuz Hendaian eta Biriatun, baita Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat herritan ere (Lakarran, Arrosan, Izpuran, Alozen, eta abar). Hala ere, izan Baiona, Angelu, Miarritze, Donibane-Garazi, Baigorri, Donapaleu ala Maule, hiri nagusietan nagusitu da orain arteko presidente Macron. Parte hartzea %77,69koa izan da Euskal Herrian, Frantziako Estatuko parte hartze orokorrarekin alderatuz, hiru puntuz handiagoa.

Zentro-eskuineko Jean Lassallek egindako emaitza ere nabarmentzekoa da: %11,61 jaso du Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Frantziako Estatuko emaitza orokorra ia laukoiztuz. Lapurdi kostaldetik urrundu eta mendi aldera sartu arau emaitzak are hobeak ditu hautagai biarnesak: lehen atera da Atharratzen (%28,29), Urepelen (%41,76), Lekunberrin (%25,60) zein beste herri ttipi anitzetan; eta bigarren zein hirugarren herri askotan.

Azkenean, Frantziako Estatu mailan hiru alderdi ezberdindu badira ere –Macron, Le Pen eta Melenchon–, Ipar Euskal Herrian laugarren bat gehitu zaie: Lassalle.

Hautagaitza historikoak ahulduta

Bestelakoentzat, gutxiago ala gehiago, Frantziako Estatuko joera bera sentitu da: hautagaitza historikoak izandako Alderdi Sozialista eta Les Republicains eskuindarra ahuldurik atera dira –%2,05 ezker historikoarentzat eta %4,91 eskuin historikoarentzat–. 2017an eskuin historikoak %23,11 egin zuen Euskal Herrian, hots, sekulako porrota du aldi honetakoa. Hori horrela, lehen aldikoz, Le Pen kokatzen da orain lehen hiru indarren artean.

Eskuin muturrean zegoen bigarren hautagaitza Eric Zemmourrek %6,93 egin du. Hots, Ipar Euskal Herri mailan %22ko sostengua du eskuin muturrak. Le Pen lehen indarra atera da hainbat herritan: Gixunen (Lapurdi), Bidaxunen (Nafarroa Beherea), eta Zuberoako Etxarrin, Xarrikotapean eta Lixozen.

Ekologistek emaitza apala jaso dute, nahiz eta Frantziako Estatu mailan ez bezala, %5aren langa sinbolikoa gainditu duen Yannick Jadotek.

Ikusteke dago orain bigarren itzulian nora joko duten lehen indarren artean kokaturiko Jean Lassallen eta Jean-Luc Melenchonen hautesleek. Hain zuzen, Lassallek ez du bozka konsignarik eman, eta ezker muturrekoak Le Penen alde ez bozkatzeko deia egin arren, ez du Macronen alde bozkatzera deitu.