Duela bost urtekoa errepikatuko da apirilaren 24an: Emmanuel Macronen eta Marine Le Penen artean izanen da lehia. Haatik, lehen itzuliko emaitzei begiratuz gero, aurreikustekoa da alde estuagoa izanen dela bien artean.
2017an Macronek %66 eta Le Penek %34 jaso bazuten, aldi honetarako oso hurbil kokatzen dituzte lehen zundaketek: Ifop zundaketa institutuaren arabera %51 luke Macronek eta %49 Le Penek; Opinionway edota Ipsos-en arabera, %54 Macronek eta %46 Le Penek eta Elabe-ren arabera, %52 Macronek eta %48 Le Penek.
Botoen %21,48 bildurik, doi doietarik kokatu da hirugarren ezker muturreko Jean-Luc Melenchon, eskuin muturreko hautagaiarekin soilik 0,8 puntuko aldea ukanez. Nahiz eta 2017an baino emaitza hobeagoak lortu –bi puntu gehiago–, beste behin ere ez da bigarren itzulian egongo.
Apirilaren 24ari begira, Le Peni botorik ez bideratzeko dei argia egin die bere hautesleei. Pentsa zitekeen bezala, ez du Macronen alde bozkatzeko dei argirik egin. Mezu bera zabaldu dute ezker muturreko Fabien Roussel komunistak (%2,26) eta Philippe Poutouk (%0,75).
Eskuin muturrari bidea mozteko Macronen alde bozkatzeko deia egin dute, ordea, Alderdi Sozialistako Anne Hidalgok (%1,71), Yannick Jadot ekologistak (%4,48) eta eskuineko Les Republicains alderdiko Valerie Pecressek (%4,67). Le Penen alde bozkatzeko deia argia egin dute, haatik, Eric Zemmourek (%6,89) eta Nicolas Dupont-Aignanek (%2,03).
Nola ez, abstentzioa izan da hauteskunde haueno garaileetarikoa: lau bozkatzaileetarik bat ez da joan bozkatzera.
Eskuin eta ezker historikoen porrot bortitza
2017an sortu zuen La Republique en Marche alderdia Macronek, politika egiteko modu zaharrarekin haustura hitz emanez –bost urte geroago argi gelditu da ez dela hausturarik egon–. Bozketa honetan agertu da ezkerreko eta eskuineko alderdi klasikoen bukaera: ez du bat ez besteak %5aren langa gainditu –Alderdi Sozialistaren 2017ko porrota are bortitzagoa izan da aurten %6,36tik %1,71ra pasaz; eta eskuina %20,10tik %4,67ra jaitsi da–.
Macron indartsu atera da, 2017an baino emaitza hobeagoa eginez eta parean ditu bi muturrak: Le Pen eta Melenchon. Irabazteko, ezkerreko botoak beharrezkoak izanen ditu Macronek. Sekula baino gehiago, abstentzioak ukanen du eragin handia bigarren itzulian.