Saskibaloi talde israeldarraren eta Baskoniaren arteko lehia bertan behera uztea exijitzeko manifestua aurkeztu du Palestinaren aldeko mugimenduak. Euskal Herriko 40 saskibaloi klub, talde zein Baskoniako zaletuen taldek, kirol munduko 91 pertsona ezagunek eta Gasteizko 65 eragile politiko eta sozialek sinatu dute partida etetearen alde.
Astearte honetan Gasteizen egindako agerraldian txalotu badute ere Israelgo delegaritzak Gasteiz hiria duenetan herritarrek izandako jarrera, hori nahikoa ez dela azaldu du Palestinarekin Elkartasunak. Israelgo kirol ordezkari den Maccabi taldeak azken hamarkadatan armada sionistaren aldeko kanpainetan paper garrantzitsua jokatu duela azaldu du Palestinaren aldeko mugimenduak.
Antolakundeak adierazi duenez, palestinar herriaren borrokaren aldeko “jarrera konprometitua” erakutsi izan du Gasteizek, baina, otsailaren 7an jokatzekoa den partida bertan behera utzi dezatela exijitu die Palestinarekin Elkartasunak Gasteizko eta Arabako erakunde publikoei zein Baskoniari.
Genozidioa normalizatzen duen ekitaldirik ezin dela onartu adierazi du mugimenduak. “Mundu mailan normaltasun irudia saltzea” helburu duten ekimenak eteteko mobilizazioaren eta antolakuntzaren bidetik lan egitera deitu dute. Palestinar herriarekiko elkartasunak, Israelekiko harreman oro etetearen alde antolatzera eraman behar duela gehitu du Palestinarekin Elkartasunak.
“Basakeria sionista” gelditzeko mobilizatzen jarraitzea beharrezkoa dela azpimarratu du eragileak. Bide horretatik antolatu dute manifestazio nazionala otsailaren 7an, partidaren egunean. Israelen aurpegi garbiketari ez: Maccabi kanpora lelopean abiatuko da manifestazioa 18:30ean Iparralde gizarte-etxetik.