Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu ditu herritarrak mugimendu feministak, "desberdinkeriek bere horretan" dirautelako. Zapalkuntza mekanismo berriak agertu direla salatu dute, eta feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eramateko beharra aldarrikatu.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak prentsaurrekoa egin du Iruñean. Martxoak 8an, Emakumeen Nazioarteko egunean egingo dituen mobilizazioak iragarri ditu, eta borrokatzeko arrazoiak eman. Mobilizazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Baionan egingo dituzte, baita hainbat auzo eta herrietan ere, aurreko urteetako joera mantenduz. Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! da aurtengo deialdietarako hautatu duten leloa.
Iraitz Andiarena, Ekhiñe Petriati, Amaia Zubieta eta Kenia Corderok eman dute prentsaurrekoa. Besteak beste, "azken aldiko jarrera erreakzionarioak" hizpide izan dituzte. "Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikusten dugu hainbat esparru eta sektoretan; sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan...". Jarrera horiek "urrutiko gauza bat" ez direla gogoratu dute, ezkerreko sektore batzuetan ere ikusten baita "feminismoarekiko kontrakotasuna" edota "diskurtso arrazisten" gorakada. "Horrek guztiak emakume, trans eta bolleroen zapalkuntza eragiten du batez ere", nabarmendu dute.
Feminismoaren aurkako erreakzioa mugimenduaren lorpenekin lotu dute: "Mugimendu feministak urrats bat egiten duen bakoitzean, oldarraldi erreakzionario bat jasotzen dugu bueltan, beren pribilegioak kolokan ikusten dituztenen aldetik. Gizonen aldetik, alegia".
Feminismoa erdigunera
Feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eraman behar dela aldarrikatu dute: "Feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista". Eraldaketarako "proposamen integralak" egiteko "ezinbesteko mugimendua" dela defendatu dute, eta horregatik "indarkeria matxista, egun bizi dugun krisi ekosoziala eta sistema arrazista eta koloniala sostengatzen duten migrazio politikak" salatuko dituzte M8ko mobilizazioetan.
"Erresistentzian dabiltzan kideei" elkartasuna helarazi diete: "Euskal Herritik besarkada bana eta gure babes osoa; Palestina, Sahara, Kurdistan…". Azkenik, "oldarraldiz beteriko garai hauetan aliantzak eraikitzen" jarraitzera deitu dute: "Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean".