argia.eus
INPRIMATU
M8an protesta egiteagatik 15 hilabeteko espetxe zigor eskaera Larunberentzat
  • Ostiral honetan egin dute auzi saioa Nafarroako Auzitegi Nagusian eta bertan Fiskaltzak eskatu du 15 hilabeteko zigorra 2021eko Martxoaren 8an, Nafarroako Legebiltzarraren aurrean Ainhoa Larunbek foruzain bati egindako ustezko erasoagatik.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko apirilaren 08a

Larunbek berak sarritan kontatu izan du egun horretan Iruñean gertatutakoa. Eguerdian abiatu zen lanera eta bidean topo egin zuen Nafarroako Legebiltzarraren aurrean bilduta zegoen emakume taldearekin. Argazki batzuk atera zizkien eta haiekin hitz egitera gelditu zen. Tartean foruzainak iritsi ziren eta, bultza eginez, errepidetik alde egiteko agindu zieten emakumeei.

Bultzada horien aurrean Larunbek besoak altxatu zituen poliziei nahikoa zela adieraziz, baina horietako batek estropezu egin zuen pankartarekin lurrera eroriz. Erorketan Larunberi heldu zion, bera ere lurrera eramanez. Beste hiruzpalau poliziek ere heldu zioten emakumeari eta legebiltzarrera sartu zuten.

Bere kontakizuna argi ikusten da telebista kate batek hartutako irudietan. Oso argi dago ez ziola erasorik egin Poliziari, lasai zegoela emakume taldearekin, Poliziak egin ziela eraso emakumeei eta Larunbek inongo momentutan ez duela ez erresistentziarik erakusten eta are gutxiago poliziari eraso egiten.

Herritar eta eragile askok erakutsi du harridura Larunbe epaitegira eraman dutelako, erasoa berak jasan duenean. Epaitegian fiskalak hasierako eskaerari eutsi dio: 15 hilabeteko espetxe eskaera. Ahotsa.info-ko ondorengo bideoan ikusten da Larunbe nola sartu den auzitegira ostiral honetan, lagunek eta Iruñerriko Mugimendu Feministak lagunduta. Eta honen azpiko txioako bideoan ikus litezke egun horretako irudiak.