argia.eus
INPRIMATU
M8. Nola bizi dugu emakume ijitook zaintza?

Tamara Clavería 2022ko martxoaren 07a

Emakumeen Nazioarteko Egunean ere, ijito feministok ikusgai izan nahi dugu eta mugimendu feministan arrazakeriaren kontrako borroka txertatzen lagundu nahi dugu. Horretarako, ezinbestekoa dugu emakume arrazializatuen eta, zehazki, ijitoen errealitateak ezagutzera ematea. Osterantzean, mugimenduak intersekzionalitatearen aldeko jarrera izan arren, praktikan emakume zurien ikuspegia gailenduko da, eta gure lehentasun politikoekin bat ez datozen gaietan zertzelada pare bat ematera mugatuko gara.

Aurten, Bilbo Feminista Saretzenek zaintza-sistema publiko baten defentsan oinarritu du bere komunikatua. Jakina, ijito feministok aldarri horren garrantzia ulertzen eta berresten dugu; alegia, pertsona guztiek zainduak izateko eskubidea dutela eta zaintzan diharduten langileen eskubideak bermatu behar direla (botere-harreman sexistek, klasistek eta arrazistek zeharkatzen duten sektorea dela kontuan hartuz). Halaber, ezarritako genero-rolak eta emakumeek zaintzeko duten betebehar historikoa zalantzan jartzen ditugu.  

Edonola ere, garrantzitsua iruditu zaigu azaltzea nola ulertzen eta bizi dugun guk zaintza. Gure familiak oraindik ere zabalak direnez, haurrak, adinekoak eta gaixoak zaintzeko antolatzen gara, baita zainketa intentsiboak egin behar dituzten senideak laguntzeko ere. Horregatik, ez ditugu haurtzaindegiak edota egoitzak erabiltzen, ez bada premia bereziak dituzten senideak artatzeko (alzheimerra, kasu).

Adinekoei dagokionez, haiekiko errespetua lehentasunezko balioetako bat da ijitoen kulturan; urteak bete ahala, gure Osaba eta Izekoen (hala izendatzen ditugu) aitorpen soziala handitu egiten da. Horregatik, harrigarria egiten zaigu pertsona nagusi asko bakardadean edo babesgabe daudela ikustea. Gure familietan, emakumeok amak eta amamak zaintzen ditugu eta gizonek gizonezko senideak artatzen dituzte; harrotasunez onartzen duten ardura da.

Hau guztia kontuan hartuta, kalitatezko eta doako zerbitzu publikoen aldeko aldarriarekin bat egiten badugu ere, bestelako eskariak ditugu. Adineko emakumeei dagokienez, estatuak alarguntza-pentsioa ukatzen die, ijitoen ezkontzari balio zibilik aitortzen ez diolako. Gainera, 65 urtetik gorako ia emakume ijito guztiek kotizazio gabeko pentsioa kobratzen dute, ez dutelako lan-merkatuan sartzeko aukerarik izan edota ekonomia informalean aritu direlako. Haurren arretaren arloan, jaiotze-baimen unibertsalak eskatzen ditugu (egun, kotizatzen ez duten gurasoek ez dituzte kobratzen) eta gutxienez urtebetekoak. Gizonen erantzunkidetasuna lantzen badugu ere, amatasuna modu intentsiboan bizitzea erabakitzen duten emakumeei babes ekonomikoa ematearen aldekoak gara.

Finean, kalitatezko eta doako zerbitzu zein figura profesionalen beharra ikusten dugu, kultura aniztasuna errespetatu behar dutenak, baita Euskal Herrian bizi diren familien askotariko beharrak kontuan hartu ere. Baina, antikapitalistak garen heinean, uste dugu feminismoak irudikatzen duen zaintza-sistema publikoaren ardatzak ez lukeela izan behar zainketen kanpora ateratzea, baizik eta alternatiba komunitarioen sendotzea. Agian, bigarren hori gauzatzeko eta “bizitza erdigunean” lelo ekofeminista gorpuzteko, badago zer ikasi ijito-herriaren balioetatik eta mundu-ikuskeratik.