argia.eus
INPRIMATU
M8: Irakasleek asanbladan aztertutako gaiak lanuzteaz erabakitzeko
  • M8ko Greba ez da gainerakoak bezalakoa, eta ikastetxeek nola erantzun erabakitzerakoan, irakasleen artean hainbat gai mahai-gaineratu ditu. Hona Oarsoaldeko DBHko ikastetxe publiko batean irakasleek egindako prozesua, adibide modura.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2018ko martxoaren 07a

Nagore Olaskoaga eta Maider Sanz irakasleek kontatu digute nola egin duten lanketa. Nabarmendu dute greba guztietan asanbladan erabakitzen dutela irakasleek zer egingo duten, eta hortik aurrera, desbinkulatzeko aukera duela bakoitzak. Asanbladetan bozkatzea ez omen da ikastetxeetako joera zabalduena. Zenbat orduz egin lanuztea asanbladan erabakiko dute, baina greba eguna iritsi denean ere irakasleek ez dakite administrazioak zer irizpide erabiliko duen soldatatik egun horretako lanuztea kentzeko, alegia, ordu bat edo lau orduz geldialdia eginda, dirutan berdin izango den edo ez.

Bi irakasleek aitortu dute martxoaren 14-15erako espero diren hezkuntzako grebek ere eragin dutela M8ko greba lantzerakoan.

Deialdiak zer dio? Egun osorako edo ordu batzutarako lanuztea?

Deialdia ez omen da ohikoa izan. Sindikatuen bidez iristen zaizkie greba deialdiak, eta oraingoan, CNT eta CGTn egun osoko greba deialdia egin dute, aldiz, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaia eta Hiru sindikatuek, goizeko eta arratsaldeko ordu batzuetarako lanuztera dei egin dute, eta gainera sindikatu bakoitzak ordutegi ezberdinetan.

Irakasleen asanbladan oso presente egon da M8ko Grebaren jatorrizko deitzailea Mugimendu Feminista dela, eta honek egun osoko greba egitea duela amets. Horregatik, irakasleen artean dilema hori egon da, zergatik ez egin egun osoko greba, gainerako gaiekin egiten den moduan.

Eta onerako zein txarrerako, planteamendua egitea eta erabakitzea oso irekita izan du ikastetxe bakoitzak, ez dute eredu argirik izan.

Gizon irakasleek zer egin?

Emakumeek lanuztea egitea (ordu batzuk edo egun osoz, azken unera arte eztabaidagai izanik), eta gizon irakasleek hauen hutsunea betetzea, hori izan da irakasle asanbladaren planteamentua. Alegia, ikastetxea zabalik izatea, ikasleak normaltasunez joango direla bermatzea eta emakumeek planto egingo duten ordu horietan parekidetasuna lantzea gizonezko irakasleek ikasleekin. Horretarako materiala bildu dute eta STEILASek osatutakoa ere jaso dute.

Emakumeen hutsunea horrela hobeto ikusiko dela ikastetxean eta lanketa sakonagoa egingo dutela iritzi diote, ikastetxeak osotasunean lanuztea adierazi (gizonezko irakasleak ez daude, gainera, lanuztera deituak), gurasoei oharra bidali eta ahalik ikasle gutxien joanda baino.

Nola egiten da praktikan eskola orduei eusteko gehiengoa diren emakume irakaslerik gabe?

40 irakasle dira eta horietatik 29 emakumeak.

Bi ereduak aztertu dituzte. Batetik, irakasle emakumeek egun osoko lanuztea egingo balute, zenbat geletan egongo litzatekeen hutsunea. 6 gela dituzte lehen zikloan (alegia, DBH 1. eta 2. mailan) eta 6 ordu bakoitzak eman beharrekoak, beraz, 36 hutsune bete beharko lituzkete. Hutsune hauek betetzeko kontuan hartu dute egun horretan lan egitea dagokien gizon irakasleen ordutegia, eta ezinezko egin zaie 36 hutsuneei eustea.

Bestetik, egun erdiko greba egiteak ekarriko lituzkeen hutsuneekin ariketa bera egin dute, koadroa osatzea. 6 gela eta bakoitzak 3 ikastodu, 18 hutsune betetzea eskatzen du, eta hori bai, posible ikusi dute.

Planteamendu hau guztia egiteko kontuan hartu dute DBHko 3 eta 4. mailako ikasleak grebara egingo dutela egun osoz. Hala erabaki dute ikasleek.