argia.eus
INPRIMATU
M8: Emakumeek greba egiteko zaintza kolektiboa antolatu du Egiako Arrano Elkarteak

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2018ko martxoaren 06a

Emakumeek zaintza greba ere egingo dute aurtengo martxoaren 8an. Hori posible egiteko, Egiako Arrano Elkarteko bazkide diren gizon batzuek zaintza kolektiboa antolatu dute. Arrano Kultur Elkarteko Juntak zabaldu duen mezuak dioenez, "Arranoko Juntako kideok, M8ko planteamenduarekin bat eginaz, egun horretan bereziki seme alaben otordu eta zainketaz gizonezkoak arduratu behar direla uste dugu. Horregatik, emakumeak greba egin ezin duten kasuei irtenbidea emateko aukera izan nahi du honek".

17:00etatik aurrera eta afari-merienda

17:00etatik aurrera zainduko dituzte auzolanean umeak (auzoko eskolatik 16:30ean irteten dira umeak), eta Egiako Antxeta aisialdi taldeak ere parte hartuko du zaintzan. Antolaketa errazteko, aurrez izena emateko emaila zabaldu dute ( arranoelkartea@gmail.com ). Gizonezkoei ere dei egin diete e-posta berera idatzi eta laguntza eman dezaten.

Auzoko haurrak zaintzeaz gain, afari merienda ere prestatuko dute, Mugimendu Feministak deitutako manifestaziotik datozen emakumeentzako.