argia.eus
INPRIMATU
M3tik M8ra, intsumisioa kapitalismoari
  • Martxoaren lehen aste honetan bi data garrantzitsuk bat egiten dute: Gasteizen martxoaren 3an duela 43 urte gertaturiko bost grebalariren sarraskia batetik, eta martxoaren 8an antolatutako emakumeen greba orokorra bestetik.

Juan Mari Arregi 2019ko martxoaren 01

Bi egunek lotura dute gizon eta emakume otzanak nahi dituen sistema kapitalistaren kontrako borrokarekin. Eredu hori babesten dute gobernuek eta bere fronte mediatikoak, izan telebista, prentsa zein irratietakoak.

1976an Gasteizko langileek kapitalismoari aurre egin zioten greba luze baten bidez, euren lan eskubideen defentsan, eta sindikalgintza bertikalari auto-antolakuntzarekin eta asanblearismoz erantzun zioten. Sistema politiko eta ekonomiko harekiko intsumiso izan ziren; horregatik jasan zuten errepresio basatia, eta horregatik hil zituzten bost lagun. Ardura politikoak argitu gabe daude oraindik.

Martxoaren 8rako deituriko grebarekin, emakumeak ere intsumiso izango dira, kapitalismoari intsumiso, soldata arrakala dakarkielako, gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna, prekarietatea eta bazterkeria. Sistema horrek defendatzen dituen baloreek (berekoitasuna, kontsumismoa, lehia…) autoritarismoa, matxismoa eta biolentzia sexista baizik ez dute sortzen.

Egun egokiak eta beharrezkoak dira aste honetakoak, eta urte osoan izaten ditugunak ere bai, hausnarketa sakon baten ondorioz gizon eta emakumeek intsumisioa praktikatu dezagun; gizarte justu, libre eta berdintasunezkoago baten alde mobilizatu gaitezen. Desberdintasunak, arrakalak eta indarkeria babesten dituen eredu baten kontra errebelatu eta eskubide guztiak errespetatuko dituen beste eredu baten alde egiteko abagunea daukagu.