argia.eus
INPRIMATU
M3moria Auzolana ekimena sortu dute, Martxoak 3ko grebekin loturiko objektuak eta testigantzak biltzeko
  • Martxoaren 3ko Memoriala hornitzeko erabiliko dira bildutako objektuak. Ekimena ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, jardunaldiak antolatuko ditu Martxoak 3 elkarteak Gasteizko auzoetan.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 25
1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak hildakoen omenez eginiko manifestazioa. LAB SINDIKATUA - ARGAZKIAK (CC BY 2.0)

"1976ko martxoaren 3ko gertakarien ikerketa, inbentariatze, aholkularitza, dokumentazio eta difusio lanak egiteko" lankidetza hitzarmena sinatu zuten Gogora institutuak eta Martxoak 3 elkarteak. Astearte goizean, 2025erako hitzarmena berritu dutela jakinarazi du Martxoak 3 elkarteak prentsaurrekoan, eta beraz lan horri segida emango diola.

Elkarteak jakinarazi duenez, 2024an 70 elkarrizketa egin ditu: 1976an Espainiako Poliziak hildako langileen senideei, zaurituei,  langileen ordezkaritza-batzordeetako partaideei, prozesu hartan inplikatutako apaizei eta gertakariak lehen pertsonan bizi izan zituzten beste protagonista batzuei. Gasteizko greba mugimenduarekin lotutako objektuen bilduma zabala ere egin du Martxoak 3k, eta gehiago jasotzeko protokoloa abian jarri du.

Memoria, herritarrekin eta auzoz auzo

M3moria Auzolana ekimenarekin, herritarrek testigantza emateko eta objektuak uzteko aukera izango dute. Astelehenetik ostiralera 11:30etik 14:00etara egin ahal izango da hori aurrez aurre, elkartearen egoitza berrian (Vicente Manterola kalea, 1). Horrez gain, 945777881 eta 688677902 telefonoak ere jarri dituzte gasteiztarren eskura. Azkenik, eta "ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz", jardunaldiak antolatuko dituzte auzoz auzo. Lehenbizikoa Adurtza auzoan izango da, "hitzordu ibiltaria" 11:00etan abiatuko da Heraclio Fournier kaleko 30 zenbakitik.

Hurrengo astelehenean beteko dira 49 urte Espainiako Poliziak 1976ko Gasteizko greba mugimendua odolean ito zuenetik. Borroka haren zein hildakoen eta zaurituen omenez urteroko manifestazioa antolatzen duten ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak  "iaz ez bezala" aurtengo mobilizazioa "errepresiorik gabe" burutu ahal izatea eskatu diote Jaurlaritzari.