argia.eus
INPRIMATU
M3ko memoria borrokan jarraitzeko
  • Gasteiztarron memorian bizirik dirauen Martxoaren 3ak esanahi ugari ditu, estatu frankistaren inpunitatea, langile borrokaren indarra eta zaintzaren garrantzia.

El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto Mirari Ullibarri 2021eko martxoaren 01a

Lanaren Ekonomia, Bilbo Hiria, Argia eta Hordago elkarlanean. Entzun saioa hemen

Aurten 45 urte beteko dira Gasteizko sarraskitik, kaleak odolez margotu ziren egun beltz hartatik. Lau hamarkada baino gehiago pasatu diren arren, gasteiztarrok oso gogoan dugu Martxoaren 3a. Nolabait ere, nire adinekoek bigarren belaunaldiko protagonistak garela esan dezakegu; izan ere, senide edota lagun nagusiagoen bitartez bizi izan dugun pasarte bat da.

Gasteiztarron memorian bizirik dirauen egun horrek esanahi ugari ditu, eta nik horietako hiru ekarriko ditut lerrotara: alde batetik, estatu frankistaren inpunitatea; bestetik, langile borrokaren elkartasuna eta indarra; eta, azkenik, zaintzaren garrantzia.

Estatu frankistaren inpunitatea argia da. “Historiako jipoirik handiena” gauzatu ondoren, eta bost langile erahil eta beste ehun zauritu ostean, ez zen eta ez da inolako kondenarik egon. Batzuentzat harrigarria izan daitekeen arren, operazio hartan parte hartu zuten karguak ez zituzten ‘kargugabetu’ edo ‘zigortu’, baizik eta, kondekoratu eta saritu.

Bestalde, eta aurretiaz esan bezala, 1976ko sarraskiak tragedia ez ezik ikastaldia ere ekarri zigun, hau da, langile borrokaren elkartasuna eta indarra. Gogoratu beharra dago martxoa iritsi orduko Gasteizko zein inguruko langileek bi hilabete zeramatela greban, eta martxoak 3 zituen hartan gure hiriko kaleak jendez bete eta enpresak langilez hustu zirela. Horrez gain, egun gris haren ostean espainiar estatuko leku askotan estatuaren ekintzak kondenatzen zituzten mobilizazio ugari egin ziren, non “justizia” eta “el pueblo unido jamás será vencido” bezalako aldarriak izan ziren nagusi.

Hona ekarri nahi dudan azkenengo esanahia zaintza da. Azken urteotan, eta gehienbat azken hilabeteotan, ‘zaintza’ hitza behin eta berriz entzun dugu. Batzuetan erresidentzietako langileen borrokara bideratuta egon da, eta besteetan sistema publikoaren defentsari lotuta, baina, batean zein bestean, aldarri feministetara esleituta. Azken urteotan oihartzun handia izan duen hitza den arren, esan dezakegu duela 45 urte ere mota askotako zaintza lanak egiten zirela, eta haietako bi aipatu nahi ditut. Batetik, lehenengo lerroan egon ziren zaintza sistemako langileen jarduera dugu. Gogoan izan behar dugu hilketez gain ehundaka zauritu egon zirela, eta haietako asko Gasteizko ospitaleetan artatu zituztela. Bestetik, Gasteizko etxeetan egin ziren zaintza lanak ditugu; bigarren mailako protagonistak izan arren, hilabete haietan soldatapeko lanik ez zuten pertsonak ere (gehienetan emakumeak) gogor eta tinko ibili ziren elkartasuna eta babesa adierazten.

Zaintzaz idazten nagoelarik, ezinbestekoa zait Jesús Fernández Naves gogoratzea, langile borroketako militante amorratua eta Martxoak 3ko grebalaria eta erreferentea. Urtarril honetan hil da, azken urteak erresidentzian egin ondoren. Bizitza erdigunean jartzen dugun garai honetan, ezinbestekoa dugu zaindu gintuztenak zaintzea, haiek borrokatu zutenagatik guk ere aurrera jarraitzea.

Horregatik eta horretarako, ezinbestekoa dugu hurrengo asteko hiru data garrantzitsu agendan apuntatzea. Lehenik eta behin, Martxoaren 3a, Gasteizko sarraskiaren urteurrena; izan ere, 1976ko grebalarien memoria garenok kaleak betetzeko premia dugu, orain inoiz baino gehiago, haiek hasitako bideak aurrera jarrai dezan, haiek ereindako haziak loratu daitezen.

Ondoren, Martxoaren 4a, zaintza greba egiteko eguna, zaintza zerbitzuen publifikazioa eskatzen duena (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak, tutoretzapeko etxebizitzak, aterpetxeak eta esku hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk). Izan ere, sektorearen pribatizazioak dakar etekin ekonomikoak bizitzaren gainetik jartzea, bizitzak erdigunean jartzeko aldarrikapena eslogan huts bilakatzen duelako. Kalitatezko zerbitzu publiko eta propioa behar dugu, zaintzen gaituztenak zaindu behar ditugulako, zaindu gintuztenak zaintzea premiazkoa delako.

Bukatzeko, Martxoaren 8a, emakume langileen nazioarteko eguna. Aurten, “dena aldatu, sistema arrakalatu” lelopean, Emakumeon Mundu Martxaren V. Ekintza Internazionalari jarraipena emango zaio. Hala, mahai gainean jarriko dira mugak, transnazionalak eta migrazioak, eta zuritasuna onartu eta behetik eratuz. Feminismoak antiarrazismoa, antikolonialismoa eta klase borroka uztartu behar dituelako, pribilegioetatik ikasi eta elkarrekin borrokatu behar garelako.

Beraz, intersekzioetatik borrokara jo dezagun, historiatik gaur egunera, kaleak gure baitan hartuz, aldarriak oihartzun bilakatuz. Jarrai dezagun arbasoek hasitako bidea egiten, berriak eratzea ahaztu gabe, nondik gatozen eta nora goazen ahantzi gabe.

 

Mirari Ullibarri, Hala Bediko kidea eta Ekintza Sozialeko arduraduna ELAn