argia.eus
INPRIMATU
M15 mugimenduari hasiera eman ziotenentzat 74 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak
  • 2011an M15 mugimendua eragin zuen manifestazioan atxilotutako 14 gazte inputatu dituzte, hiru urte eta bost hilabete geroago.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 03a
Atxilotutako 16 pertsonak polizien eskutik jasandako tratu txarrak eta torturak salatu zituzten.

Fiskaltzak gehienentzat 6 urteko kartzela zigorra eskatu du maiatzaren 15ean Madrilgo Callao plazan eta inguruetan izandako istiluak leporatuz. 19 pertsona izan ziren protesta hartan atxilotuak, baina batzuen kasuak artxibatu egin dituzte.

18 eta 26 urte bitarteko gazteak dira inputatuak, denak aurrekaririk gabekoak. Desordena publikoa, poliziei eraso izana eta kalte materialak eragitea leporatzen dizkiete, besteak beste.

Guztien artean 74 urteko kartzela zigorra betetzea nahi du Fiskaltzak eta bakoitzarentzat bataz beste 6 urte eskatu ditu; pertsona bakarrak du bi urtetik beherako kartzela eskaera. Akusazioak, berriz, 5.000 euroko kalte ordainak eskatzen dizkie.

Torturak eta tratu txarrak

Manifestazio hartatik egun gutxira, atxilotutako 16 pertsonak komunikatu bat idatzi zuten, beraien atxiloketetan eta Moratalazko komisarian polizien eskutik jasandako tratu txarrak eta torturak salatuz.

Irain homofobo, arrazista eta matxistak, umiliazioak, kolpeak eta medikamentu eta higiene baldintza egokien ukapena pairatu zituztela kontatu zuten atxilotuek.