argia.eus
INPRIMATU
M15 mugimenduaren antzeko zerbait Mazedonian?
  • Milaka herritarrek kaleak hartu zituzten igandean Skopjen herrialdeko Nikola Gruevski lehen ministroaren dimisioa eskatuz.

ARGIA @argia 2015eko maiatzaren 19a
Milaka manifestarik eskatu zuten igandean lehen ministroaren dimisioa Mazedonian (argazkia: sdsm.org.mk).

EU Obsever gunean diotenez, manifestazioaren tamainak –30.000 manifestari estimazio txikienaren arabera, 60.000 beste zenbait iturrik diotenez– ez dauka aurrekaririk herrialdean duela 24 urteko independentziaz geroztik.

Legez kanpoko entzuketak

Oposizioko alderdi nagusia den SDSMko buruzagi Zoran Zaev-ek otsailean legez kanpoko entzuketak egin zizkiotela salatu zuen eta hedabide askok aipatu dute gertakari hori herritarren haserrearen kausa gisa.

Zaevez gain, beste 20.000 lagun ere zelatatu dituzte ustez eta grabaketek ustelkeria, eragin-trafikoa eta boterearen gehiegikeriak agerian utzi dituzte Eurasia.net-en Ruth Ferrerok idatzi duenez.

Haserrea lehenagokoa ere bada

Dena den, Ferrerok nabarmentzen duenez, haserreak aurrekariak ditu: bere esanetan Mazedonian zuzenbide estatua eta askatasunak endekatzen ari dira azken urteetan eta iaztik ikasleen mobilizazioek manifestazio-aldi berriari hasiera eman diote.

Adierazpen askatasunaren kontrako erasoak ere arazoa dira herrialdean. Mugarik Gabeko Erreportariak elkartearen prentsa-askatasun rankingean 34. postuan egotetik 134.era jaitsi da Mazedonia azken bost urteetan.