argia.eus
INPRIMATU
Lynn Margulis ikertzailearen omenezko hitzaldiak egongo dira urriaren 18tik 28ra
  • Aurten dira hamar urte hil zela eta, horren harira, lau solasaldi antolatu dituzte Margulisen lankidetzaren eta sinbiosiaren ideietan sakontzeko. Iruñean, Gasteizen, Andoainen eta Bilbon izango dira hitzaldiak.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 18a
Lynn Margulisen sinbiosiaren teoriak dio bizitza lankidetzatik sortzen dela, eta ez lehiatik. / Argazkia: Nancy R Schiff.

Nahiz eta haren izena hain ezaguna ez izan, Lynn Margulis XX. mendeko zientzialari eta ikertzaile garrantzitsuenetako bat izan zen. Azaroan hamarkada bat beteko da Margulis hil zela eta haren ibilbidea omentzeko asmoz "Zientzia eta ekologismoaren sinbiosia" solasaldiak antolatu dituzte. Lau hitzaldi emango dituzte datozen bi asteetan, urriaren 18tik 28ra bitartean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hizlariek ondo ezagutzen dute Margulisen lanaren garrantzi zientifikoa eta politikoa.

Ikertzailearen ideia nagusietan sakonduko dute solasaldietan: lankidetzan eta sinbiosian. Gaur arratsaldean, urriak 18, Iruñean izango da lehen hitzaldia; ostiralean, urriak 22, Gasteizen; hurrengo asteazkenean, urriak 27, Andoainen; eta, azkena, urriaren 28an, Bilbon. Hemen ikusi daiteke hitzaldi-sortaren egitaraua. Zikloaren sustatzaileak dira Zapateneo, UPV-EHU, Ekopol, Ekologistak Martxan, Katakrak, Euskal Gune Ekosozialista, Martin Ugalde Kultur Parkea eta Berria. Haien iritziz, "aukera ezin aproposagoa" da egungo krisi ekosozialari irtenbideak bilatzen laguntzeko.

Lehiaren ordez, lankidetza

Lynn Margulisek hainbat teoria berritzaile proposatu zituen eta zientziari egindako ekarpena oparoa da. Besteak beste, defendatu zuen espezieen eboluzioa ez dela elkarren arteko lehian oinarritzen eta ez duela indartsuenak bizirauten. Aitzitik, erakutsi zuen izakiek lankidetzaren eta sinbiosiaren bitartez egin dutela aurrera. Joseba Barriolak Zuzeu.eus agerkariko artikulu honetan bildu ditu Margulisen ekarpen azpimarragarriak.