argia.eus
INPRIMATU
Luzaideko Bolant egunean emakumeen parte hartzea zein izan behar den erabakitzeko galdeketa egingo da
  • "Neskek dantza taldean parte hartzearen alde zaude? Hala bada, nola jantzita?". Horrelako galderak erantzun beharko dituzte Luzaiden bolantetan emakumeen parte hartzea zein izan behar den adosteko egingo den herri galdeketan. 

dantzan.eus 2016ko martxoaren 14a
Luzaide, Bolant eguna 2015, mutilak dantzan eta neskak bazterretik begira (argazkia: Aritz IbaƱez - Dantzan.eus CC BY-SA).

Orain arte emakumeek "Neskatoak" paperean zenbait dantzatzan bakarrik parte hartu dute Luzaideko bolant egunean. Martxa, bolant-dantza eta Lauetan Erdizkan parte hartzen dute eta kontra-dantzetan gizonezkoekin bikote osatuz, baina dantza-jauziak gizonezkoek bakarrik eman izan dituzte, azken urteotan gero eta ume gehiagok, baina mutilak badira soilik.

Neskek dantza guztietan parte hartzeko aukera jarri da orain mahai-gainean, eta 2017ko bolant-egunera begira emakumeen dantzatzeko aukera hori zabalduko den ala ez erabaki nahi da 2016eko bolant-egunaren bezperetan. 

Galderak eta iritziak

Luzaideko Bolanten batzordeak erabaki du galdeketa bidez jasotzea herritarren iritzia, horretan oinarrituta hurrengo urterako erabakia hartu ahal izateko. Baina ez galdetarekin bakarrik. Bai eta Ez erantzunetatik haratago, herritarren iritziak bildu nahi dituzte, eta horretarako gutunontzi bat jarriko dute. Martxoaren 24an, 25ean eta 26ean burutuko da galdeketa, eta bertan Luzaidarrei luzatuko zaizkien galderak hauek dira: 

- Mutilek egiten duten bezala, neskek dantza taldean parte hartzearen alde zaude?

- Hala bada, nola jantzita?

- Zein pertsonaia ordezkatu beharko lukete?

Luzaide, Bolant Eguna, 2002-03-31. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Tradizioak egokitu beharra

Luzaideko Bolanten dantza taldean gero eta gehiago neskak dira, eta gero eta gutxiago mutilak. Urtean zehar, herritik kanpo emanaldiak dituztenean, neskek dantza guztiak ematen dituzte eta horrekin ez da arazorik. Kanpoan dantzatzen dutena herrian ez egin ahal izateak egoera bitxia sortu du Luzaiden. Mutil dantzarien eskasiak kezka eragiten du, eta ikusteke dago horrek nola eragin dezakeen erabakian.

"Tradizioak bizi ditugun garaiei egokitu behar direla" sinesten dute Luzaideko Bolanten batzordean, eta Baztango mutil-dantzetan izandako gertarakiak gogoan, Luzaideko galdeketa eta parekidetasunerako borondatearekin auzia beste modu batera bideratzeko asmoa erakutsi dute. Iurre Bidegain kazetari eta dantzari luzaidarrak eman ditu Luzaideko galdeketa honi buruzko xehetasunak Kazeta.eus agerkarian. 

Luzaideko Bolant eguna 2016

Pazko asteburuan, martxoaren 27an ospatuko dute Luzaiden aurtengo Bolant eguna. Aurreko egunean, larunbat arratsez, ekingo diote ospakizunari kalejira eta dantzaldiekin baina iganderako antolatu dituzte ekintza esanguratsuenak. Honela, goizean goizeko gosaritik hasita herriko kaleetan jiran eta dantzan ibiliko dira bolantak bazko igandez. Hona egitaraua:

Martxoak 26, larunbata:

- 20:00etan: Kalejira herriko kaleetan.

- 21:00etan: Dantzak herriko plazan eta taloak.

Martxoak 27, igandea:

- 8:15etan: Askaria

- 9:30an: Pekotxeta eta Benta auzoetara bisita.

- 12:00etan: Dantza ikuskizuna Santiago Plazan.

- 17:00etan: Emanaldia Arretxe frontoian.

- 21:00etan: Afari herrikoia.

- 00:00etan: Dantzaldian "Holako" taldearekin.

Informazioa: Bolant eguna Luzaide (Luzaideko Bolantak)

[Albiste honen jatorrizko bertsioa Dantzan.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]